Mundua -
Bake-prozesua
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek behin betiko su-etena adostu dute
Akordio historikoak amaiera emango dio ia 50 urte iraun duen gatazka armatuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbiako Gobernuak eta FARCk behin betiko su-etena adostu dute asteazken honetan, ia 50 urte iraun duen eta 300.000 heriotza eragin dituen gerrari amaiera emateko, bi aldeetako ordezkariek adierazpen bateratu batean baieztatu dutenez.
Akordioaren zehaztasunak bihar aurkeztuko dituzte Habanan (Kuba), eta, bertan, Juan Manuel Santos presidentea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko burua, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia eta nazioarteko hainbat buruzagi izango dira.
"Gobernuaren eta FARCen ordezkariek iritzi publikoari jakinarazi nahi diogu aldebiko eta behin betiko su-etena adostu dugula", adierazi dute aldeek aipatutako adierazpenean.
Indarkeria bukatzea ez ezik, baina, armak uztea, segurtasun bermeak, paramilitarismoaren aurka borroka egitea eta “jokaera kriminalak” jazartzea ere adostu dute.
Raul Castro Kubako presidenteak eta Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroak ere parte hartuko dute biharko ekitaldian, bake-prozesuaren “herrialde bermatzaileak” izan baitira.
Herrialde "laguntzaileen" partez, Michelle Bachelet eta Nicolas Maduro Txileko eta Venezuelako presidenteak izango dira.
Besteak beste, honakoak ere joango dira Habanara: Danilo Medina eta Salvador Sanchez Ceren Dominikar Errepublikako eta El Salvadorreko presidenteak eta Bernie Aronson eta Eamon Gilmore AEBko eta Europar Batasuneko ordezkari bereziak.
Lau urteko bake-prozesua
Kolonbiako Gobernua eta FARC 2012an hasi ziren Habanan negoziatzen.
Harrezkero, hainbat akordio lortu dituzte, gai hauei buruzkoak: lurrak eta nekazaritza-eremuetako garapena, parte-hartze politikoa, drogak, minak kentzea, justizia trantsizionala eta gatazkaren biktimak.