Mundua -
Eurokopa 2016
Frantziak alkohola saltzea debekatuko du Eurokopako hirietan
Bestalde, UEFAk adierazi duenez, ez du zalantzarik izango Ingalaterra eta Errusia Eurokopatik kaleratzeko, istiluak berriro gertatuz gero.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziak alkohola saltzeko eta edateko debekua zabalduko du Eurokopako hirietako arrisku handieneko guneetan. Debeku hori indarrean egongo da partida egunean bertan, baina baita aurreko egunean ere.
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak atzo Ingalaterrako eta Errusiako selekzioen jarraitzaileen artean Marseillan izandako istiluak direla-eta emandako prentsaurrekoan esan duenez, prefetei (Frantziako Gobernuaren ordezkariei) eskatu die aipatutako debekuak "partida egunetan, partida bezperetan eta zaleentzako guneak irekitzen diren egunetan" aplika ditzatela.
Ministroak gaineratutakoaren arabera, prefetek debekuak ezarri ahalko dituzte tabernetako eta jatetxeetako terrazetan, "jaurtigai gisa erabil daitezkeen tresnak ekidin ahal izateko".
Horrez gain, istiluetan parte hartzeagatik identifikatzen dituzten zaleek ezingo dute ez estadioetara sartu, ez zaleen guneetara hurbildu.
UEFAk kaleratzeko ohartarazpena egin die Errusiari eta Ingalaterrari
UEFAko Batzorde Betearazleak ezohiko bilera egin du Parisen, gertatutakoa aztertzeko, eta, bilera bukatutakoan ohartarazi duenez, ez du zalantzarik izango Ingalaterra eta Errusia Eurokopatik kaleratzeko, istiluak berriro gertatuz gero.
Europako futbola zuzentzen duen eta txapelketa honen ardura duen erakundeak Eurokoparen hasiera "modu dramatikoan markatu dituzten jarrerak" berriz ez errepikatzeko eskatu die Errusia eta Ingalaterrako federazioei.
"Errusia eta Ingalaterrako balizko jarraitzaileen portaera hori onartezina da, eta ez du lekurik futbolean, guztiok defendatu eta babestu behar dugun kirolean", esan die UEFAk bi federazio horiei bidali dien gutunean.