Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Kontserbadoreek irabazi dute, baina gehiengo oso barik
David Cameronen 'toriek' 306 diputatu lortu dituzte, Gordon Brownen laboristek 258 eta Nick Cleggen liberalek 57.
Erredakzioa
Erresuma Batuko hauteskundeetako zenbaketan eserleku 1 esleitzeko faltan, David Cameron-en Alderdi Kontserbadorea indar bozkatuena eta Parlamentuan eserleku gehien lituzkeena litzateke. Hori bai, gehiengo oso barik.
Hain zuzen ere, ''toriek'' 306 diputatu dituzte jada, Gordon Brown lehen ministroaren laboristek 258 eta Nick Clegg-en liberal-demokratek 57.
Gainera, Erresuma Batuko ''berdeak'' ere Parlamentuan izango dira, historian lehen aldiz, Caroline Lucas hautagaiak irabazi egin baitu Brighton Pavillion (Ingalaterrako hegoaldea) barrutian.
Joera horrek jarraituz gero, kontserbadoreak indar nagusia izango lirateke, baina gehiengo oso gabe.
Herrialde hartan, "hung Parliament" (Parlamentu eskegia) deitzen diote egoera horri. Izan ere, 1974tik gehiengo osoak izan dira beti, eta orain, gehiengo sinplea egongo dela dirudiela, zalantza ugari piztuko dira.
Parte-hartzea oso handia izan da, % 64koa inguru, hots, adituek aurreikusitakoa baino 9 puntu handiagoa.
Erresuma Batuko Parlamentuak 650 eserleku ditu, eta beraz, gehiengo osoa izateko 326 lortu behar dira. Horrenbestez, kontserbadoreek bultzada bat beharko lukete oraindik eroso gobernatu ahal izateko.
Brown gobernua osatzen saiatuko da
Testuinguru honetan, Gordon Brown lehen ministroak iragarri du negoziazioak hasiko dituela Gobernua osatzen saiatzeko helburuz.
Oraingoz ez ditu maletak egin behar, gehiengo osorik ez badago Konstituzioak ahalmena ematen baitio Gobernua osatzen saiatzeko.Hori horrela, Downing Streeten giltzak Cleggen esku egongo lirateke, emaitzak "etsigarriak" izan direla aitortu badu ere.
Dena dela, liberalen buruak aurreratu du David Cameroni dagokiola negoziazioak hastea.
Kontserbadoreen aukerak
Kontserbadoreak gehiengo osotik gertu geratuko balira, Ipar Irlandako unionistekin batera goberna lezakete.
Baina eserleku kopurua 300tik gertu izango balu, zailago izango luke agintera heltzea.