Mundua -
Atentatua Turkian
Bonba-auto batek 11 hildako eta 36 zauritu utzi ditu Istanbulen
Poliziaren autobus bati eraso egin diote Vezneciler auzoan. Dirudienez, bonba-autoa urrutiko kontrol batekin zartarazi dute erasotzaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 11 pertsona hil eta beste 36 zauritu ditu gaur bonba-auto batek Istanbulen, Vasif Sahin hiriko gobernadoreak jakitera eman duenez. Antza denez, Poliziaren autobus bati eraso egin diote. Dirudienez, bonba-autoa urrutiko kontrol batekin zartarazi dute erasotzaileek.
"Zazpi polizia eta lau zibil hil dira, beste 36 pertsona zauritu dira", adierazi du Sahinek agerraldi labur batean.
Vezneciler auzoko autobus geltoki publikoan lehergailu bat zartarazi dute, polizien ibilgailua bertatik pasatzen ari zenean.
Leherketa gertatu den tokia Istanbuleko Unibertsitatetik eta Kalenderhane meskitatik hurbil dago. Poliziaren autobusa unibertsitatera zihoan ohiko misio batean. Gaur egitekoak ziren azterketak bertan behera utzi dituzte hezkuntza zentroan.
Anbulantzia eta Poliziaren auto ugari leherketaren tokira joan direla azaldu du CNNTurkek.
Kalte handiak
Leherketak kalte handiak egin eta zenbait ibilgailu kiskali ditu. Poliziak inguruak itxi ditu, eta 500 metrora hurbiltzea ez du uzten.
Atentatuaren ondoren bigarren leherketa bat entzun dela azaldu dute lekukoek, baina gas ihes batek sortu du.
Argazkia: EFE
Iragan martxoan beste bonba-auto batek 34 pertsona hil eta 100 baino gehiago zauritu zituen Ankaran. Eraso horren erantzukizuna PKKri egotzi diote.