Mundua -
Istripua
EgyptAir-en hegazkinak arazoak izan zituen aurreko 24 orduetan
France 3 katean zabaldu dutenez, abioiak hirutan itzuli behar izan zuen jatorrira, eta urgentziazko lur hartzea egin.
agentziak | erredakzioa
Maiatzaren 19an, Paris-Kairo ibilbidea egiten ari zela Mediterraneoan erori zen EgyptAir konpainiako hegazkinak hiru arazo erregistratu zituen istripua gertatu aurreko 24 orduetan egindako hiru eskalatan.
France 3 katean zabaldu dutenez, abioiak buelta eman eta urgentziazko lur hartzea egin behar izan zuen, gutxienez, hirutan.
Maiatzaren 18an eta 19an, EgyptAir konpainiako hegazkinak atzera egin behar izan zuen, alerta sistemek arazoak atzeman eta gero, hiru aireportutan eskala egin ostean.
Kasu guztietan, lur hartu ondoren, teknikariek aztertu egin zuten, baina azterketek ez zuten emaitza positiborik eman, eta, beraz, berriro aireratu zen eta bere bideari ekin zion.
Hegazkina maiatzaren 19an desagertu zen radarretatik, Paristik abiatu ondoren, Egiptoko aireko espazioan sartu eta gutxira. Abioiaren zati batzuk berreskuratu dituzte, baina kutxa beltzak ez dituzte aurkitu oraindik. Hala ere, Frantziako ikertzaileek baieztatu dutenez, Mediterraneoan hegazkina galdu zen inguruan atzeman duten seinalea kutxa horietako batena da.
EgyptAir konpainiako presidenteak guztia ukatu du
Safwat Musallam EgyptAir konpainiako presidenteak, ostera, guztia ukatu du. “Niretzako, hori ez da egia”, adierazi du Musallamek IATAren bileran, Dublinen.
MS804 hegaldiak aireratu baino lehen arazorik izan ez zuela esan du Musallamek. Hegazkina “normal” zegoen, erantsi duenez. “Hegazkin eta pilotuarengan erabateko konfiantza dugu”, azpimarratu du.