Mundua -
Istiluak
Talde islamiar batek Somaliako base pirata baten kontrola hartu du
Hezb al Islam taldea Harardhere hirian sartu da piratak ihes egitera behartuta. Sharia lege islamiarra ezartzeko asmoa dute.
Erredakzioa
Hezb al Islam deituriko talde islamiar batek Harardhere hiri somaliarra hartu du, Mudug erdiguneko probintzian, orain arte herrialdeko piraten base nagusietako bat.
Dirudienez, gerrillariak hiriko kontrola hartu dute ibilgailu armatuekin sartuz, baina era baketsuan, piratek aurka egin gabe alde egin baitute.
Hezb al Islameko indarrek adierazi dutenez, hirian geratuko dira eta sharia lege islamiarra ezarriko dute.
Harardhere eta Hobyo Somaliako piraten bi base garrantzitsuenak dira eta azken urteetan hainbat milioi dolar irabazi dituzte bahitutako ontzien erreskateekin.
Orain arte, Gobernuaren kontrako milizia islamiarrak ez dira piratekin nahastu.
Gaur egun, piratek 401 lagun dituzte bahituta 24 ontzi atzerritarretan, Indiako ozeanoan eta Adengo Golkoan.
1991. urtean Siad Barre diktatorea agintaritzatik kendu zutenetik, liskarrak etengabe ari dira Somalian talde eta milizia ezberdinak herrialdearen kontrolagatik borrokan ari diren bitartean.