Mundua -
Itsasoan eroritako hegazkina
EgyptAir konpainiako hegazkinean leherketa izan zen, adituen arabera
Orain arte aurkitutako gorpuzkiak aztertuta atera omen dute ondorio hori Egiptoko mediku forentseek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maiatzaren 19an Mediterraneoan erori zen Egyptair konpainiako hegazkinean leherketa bat gertatu zen itsasora erori aurretik, Mediterraneoan aurkitu dituzten bidaiarien gorpuzkiei mediku forentseek egindako lehen azterketaren eta ikerketako iturrien arabera.
Horien esanetan, orain arte aurkitu dituzten gorpuzkiak aztertuta atera dute ondorio hori. Dena den, leherketa bonba batek eragin zuela esateko frogarik ez dutela aurkitu gaineratu dute.
"Gorpuzkien tamaina txikia ikusita, leherketa bat izan zela dirudi; izan ere, aurkitutako zati handiena esku ahurraren tamainakoa da. Lehendabiziko gorpuzkiak igandean iritsi ziren 23 poltsatan banatuta", azaldu du forentseen arduradunak.
Beste forentse batek azaldu duenez, ostera, gorpuzki gutxi batzuk baino ez dituzte jaso eta oso goiz da hegazkinaren barruan leherketa bat izan zela zehazteko.
Paris eta Kairo arteko bidea egin behar zuen Egyptair konpainiako hegazkina -66 bidaiari- Mediterraneo itsasora erori zen maiatzaren 19an, radarretatik desagertu eta abiadura handian altuera galdu ostean.
Oraingoz ez dute argitu zerk eragin zuen hegazkinaren erorketa.
Bestalde, EgyptAir konpainiako hegazkinak ke alerta igorri zuen, kabina barruan kea zegoela ohartaraziz, Mediterraneo itsasora erori aurretik, Frantziako ikertzaileek baieztatu dutenez.