Mundua -
urtarrilean atxilotu zuten
Mexikok onartu egin du 'El Chapo' AEBra estraditatzea
"Aipatzekoa da gobernu estatubatuarrak bermatu egin duela ez diotela heriotza zigorra ezarriko", esan du Peña Nietoren Gobernuak.
Agentziak | erredakzioa
Mexikoko Gobernuak onartu egin du Joaquin 'El Chapo' Guzman Sinaloako Karteleko burua AEBra estraditatzea, Texasen eta Kalifornian epai dezaten droga-trafikoa delituagatik, agintari estatubatuarrek bermatu ostean ez diotela heriotza zigorra ezarriko.
"Mexikoko Gobernuak onartu egin du Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzea", iragarri du Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohar baten bidez.
Enrique Peña Nietoren Gobernuaren esanetan, "Estradizioaren Itunean jasota dauden baldintza guztiak betetzen dira". "Aipatzekoa da gobernu estatubatuarrak bermatu egin duela ez diotela heriotza zigorra ezarriko", esan du Peña Nietoren Gobernuak.
Era berean, droga-trafikoaren buruak "babes epaiketa eska dezake ebazpenen kontra, Nazioarteko Estradizio Legearen arabera".
"Akordioak irmoak eta aplikatzeko moduan direnean (…) Errepublikako Fiskaltza Orokorrak entregatuko die agintari estatubatuarrei", azaldu du.
'El Chapo'ri hainbat delitu egotzi dizkiote Texasen: gaizkileen talde baten kide izatea, delinkuentzia antolatua, osasun publikoaren aurkako delituak, armen jabetza, dirua zuritzea eta hilketa; Kalifornian, gainera, kokaina izatea eta inportatzea, merkaturatzeko asmoz.