Mundua -
Venezuela
'Eraso mediatiko eta politiko baten biktima' dela salatu du Madurok
Astebetean AEBko hegazkin militar bat Venezuelaren aireko espazioan legez kanpo bi aldiz sartu dela esan du Venezuelako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen ahotan, Venezuelako Administrazioa “eraso mediatiko, politiko eta diplomatiko baten biktima” da. Estatu-kolpe bat gauzatzeko egitasmo zehatzak ezezik, nazioarteko gorroto kanpaina mediatiko bat ere abiatu dutela salatu du.
Azken hamarkadan herrialdeak jasan duen “erasorik okerrenari” aurre egiteko prestatzen ari direla adierazi du Madurok.
Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak Venezuelan “esku-hartze militar bat” egitea aldarrikatu zuen duela astebete baino gutxiago AEBtik, Madurok berriz ere kritikatu duenez. Salbuespen egoera, besteak beste, horregatik jarri duela azaldu du Venezuelako agintariak.
Aireko espazioaren urraketa
Astebetean AEBko hegazkin militar bat Venezuelaren aireko espazioan legez kanpo bi aldiz sartu dela esan du Venezuelako buruzagiak. “Gaitasun tekniko hilgarriak” zituen hegazkinak ezohiko espioitza lanak egin nahi zituela salatu du Madurok.
Hegazkin arrotz horren maniobrak direla eta, “AEBko Gobernuaren aurrean protesta” egingo dutela iragarri du Venezuelako agintariak. Venezuelako aireko indarrek hegazkina bidean atzeman eta lurraldea uztera behartu zuten, horren esanetan.
Bitartean, Venezuelako Parlamentuan larrialdi ekonomiko eta salbuespen egoera ezartzeko dekretua atzera bota du oposizioak, “Konstituzioaren kontrakoa” dela iritzita. Gainera, Gobernuaren aginduari “entzungor egitea” eskatu du Henrique Capriles presidentegaiak.