Mundua -

Argentina

Videlaren indultua Konstituzioaren aurkakoa dela erabaki du Gorenak

Carlos Menem presidente ohiak eman zion indultua dikadoreari, 1990ean. Videla eta Jose Alfredo Martinez de Hoz Ekonomia ministro ohia berriro epaitzea ahalbidetuko du Gorenaren erabakiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Menem Argentinako presidente ohiak Jorge Rafael Videla diktadore ohiari eta Jose Alfredo Martinez de Hoz diktadurako Ekonomia ministro ohiari emandako indultuak Konstituzioaren aurkakoak direla erabaki du gaur Argentinako Justizia Gorte Gorenak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Menemek 1990ean sinatutako dekretua inkonstituzionaltzat jo du Gorteak. Videla eta Ekonomia ministro ohia berriro epaitzea ahalbidetuko du horrek, 1976ko martxoaren 24an izandako Estatu-kolpean parte hartzeagatik. Ondoren Diktadura etorri zen, eta Federico eta Miguel Gutheim enpresarien bahiketa eta Juan Carlos Casariego de Bel Ekonomia Ministerioko funtzionariaren desagerpena.

Auzitegiko epaiak aurretik hartutako erabaki judizialak baieztatu ditu eta Gutheim anaien bahiketa ikertzen duen auzian iragarri dute. Gutheim anaiak bost hilabete egon ziren preso 1976tik 1977ra bitartean, diktadurarentzako onuragarria zen esportazio kontratu bat onar zezaten. Anaiak kotoi enpresa baten jabeak ziren.

Biziarteko kartzela-zigorra

Gortearen erabakiak ez du Videlaren egoera aldatzen, izan ere, 1985ean biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten gizartearen aurkako delituengatik. Ondoren Menemek indultua eman zion eta orain atxilotuta dago, umetxoez legez kanpo jabetzeagatik.

Videla eta Reynaldo Bignone diktadorea irailaren 20an epaituko dituzte, 33 haurtxoren jabe egiteagatik (1976-1983), "Umetxoak lapurtzeko egitasmo sistematikoa" izeneko auzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea