Mundua -
Iraken
Hamar hildako ISIS-ek Real Madrilgo peña baten aurka egindako erasoan
Armak zeramatzaten hainbat gizon Al Furat kafetegian sartu dira, eta bertan bildutako gazteak tirokatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Real Madril futbol-taldeko hamar zale irakiar hil dira ostegun honetan eta beste bi zauritu dira Balad hiriko kafetegi batean izandako tiroketa batean, Bagdadeko iparraldean. Al Furat izeneko kafetegi horretan Real Madrilgo jarraitzaileak biltzen dira, Hisham al Baladaui peña horretako kide batek EFEri jakinarazi dionez.
Armak zeramatzaten hainbat gizon kafetegian sartu dira, eta bertan bildutako gazteak tirokatu dituzte. Hildako gehienak Real Madrideko zaleak. Dena dela, ohiko hainbat bezero eta bertako hainbat langile ere hil dituzte.
Qasem Zanad peñako presidenteak azaldu duenez, peñak 4.191 kide ditu. Real Madril futbol-taldearen inguruko albisteak partekatzen dituzte, eta partidak ikusteko bertan elkartzen dira.
Gainera, "terrorista hiltzaileek" egindako ekintza gaitzetsi du, eta peñak bere ohiko ekintzari eutsiko diola adierazi du, "kirol-zale errugaberen aurka egindako krimen anker hau gorabehera".
Jihadistekin lotura duen Amaq albiste-agentziaren arabera, Estatu Islamiko talde terroristaren erasoa izan da.