Mundua -
Barne-hauteskundeak
Sandersek beste garaipen bat erdietsi du; Trumpek ez du aurkaririk
Mendebaldeko Virginian, boto-emaile demokratak zein errepublikanoak zeuden deituta astearte gauerako. Sandersek eta Trumpek irabazi dute, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Hillary Clinton aurkariaren aurrean beste garaipen bat lortu du gaur Bernie Sandersek, AEBko barne-hauteskunde demokratetan. Errepublikanoen aldean, ez da ezustekorik izan, eta Donald Trumpek irabazi du aurkaririk gabe aurkeztu den lehen bi estatuetan.
Mendebaldeko Virginian, boto-emaile demokratak zein errepublikanoak zeuden deituta astearte gauerako. Sandersek eta Trumpek irabazi dute, hurrenez hurren. Nebraskan (AEBko erdialdea), ostera, errepublikanoek bakarrik eman dute botoa. New Yorkeko handi-mandiak garaipena lortu du bertan.
Aurreko bi estatuetan (Michigan edo Indiana) ez bezala, inkestak Sandersen aldekoak ziren. Mendebaldeko Virginia AEBko estaturik pobreenetakoa da. Zuriak gehiengoa dira, meatzaritzarekin menpekotasun handia du bertako ekonomiak, eta ez dira meatzaritzaren garairik onenak. Beraz, senatari demokrataren garaipena ez da ezustekoa izan.
Nahiz eta gaur irabazi, Estatu idazkari ohiaren ordezkari kopurutik oso urrun jarraitzen du Sandersek. Alderdi Demokrataren uztaileko konbentzioan, Pennsylvanian, izendapen automatikoa lortzeko, 2.383 ordezkari behar dituzte.
Ustekabekorik ez
Errepublikanoen artean, Ted Cruzek eta John Kasichek iragan astean atzera egin ondoren, zalantza bakarra zegoen bart: Nebraskako boto-emaile kontserbadoreek aurrekaririk gabeko ezustekoa emango ote zuten, eta hautagai bakarrari babesik ez ematea erabaki behar ote zuten; izan ere, Cruz faborito nagusia zen Nebraskan.
Hala ere, jardunaldian ez da ustekabekorik izan, eta Trumpek irabazi du Nebraskan eta Mendebaldeko Virginian. Hala, ordezkari gehiago eskuratu ditu handi-mandiak. Errepublikakoen uztaileko konbentzioan, Clevelanden (Ohio), izendapen automatikoa lortzeko, 1.237 ordezkari behar ditu.