Mundua -
Ia urtebete bahituta
Madrilera iritsi dira Sirian bahituta zeuden 3 kazetari espainiarrak
Angel Sastre, Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez pasa den uztailetik zeuden bahituta Siriako Alepo hirian.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko uztailetik Sirian bahituta egon diren Angel Sastre, Antonio Pampliega eta Jose Manuel Lopez kazetari espainiarrak (Berria egunkariaren kolaboratzaileak dira azken biak) gaur iritsi dira Madrilera, Torrejon de Ardozeko base militarrera, Espainiako Gobernuko iturrien arabera.
Larunbat arratsaldeko azken orduan eman zuten ezagutzera albistea bahitutako kazetarien inguruko iturriek, behin kazetariak Turkiako lurretan zeudela. Espainiako Defentsa Ministerioaren iturriek adierazi dutenez, kazetarien askapena posible izan da "zerbitzari publiko askori esker, eta herrialde aliatuen laguntzarekin", negoziazioaren azken fasean Turkia eta Qatar bereziki.
Hiru kazetariek Espainiako Armadaren Falcon 900 hegazkin batean egin dute Turkiatik Espainiarako bidaia.
Bahituta
Hiru kazetariek freelance gisa egiten dute lan, eta joan zen uztailaren 10ean iritsi ziren Alepora, Turkiatik. Uztailaren 12tik aurrera, berriz, ez zen gehiago haien berririk izan.
Al Nusra Fronteak (Sirian Al Qaedak duen filialak) harrapatu zituen, eta gatibualdi gehiena Alepoko etxe batean pasa dute, kasua gertutik jarraitu duten iturriek Europa Pressi esan diotenez.
Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) bazekien non zeuden eta bizi-probak, hots, kazetariak bizirik zeudela adierazten zuten bermeak, ematea eskatu zieten bahitzaileei.
Batzuetan, bizi-proba horiek kazetariei euren lagun edo senideek zuzenean egindako galderak izan dira, eta galdera horien erantzunak kazetariek eurek bakarrik ezagutu ahal zitzaketen. Beste batzuetan, berriz, bizi-proba horiek bideo batzuk ziren, zeinetan bahituek beren izena eta bideoa grabatu zen eguneko data esaten zuten. Oro har, itxura garbia eta osasuntsua erakusten zuten.
Bahiketaldian zehar, erreportariek bidezko tratua jaso dute; izan ere, zenbaitetan futbola ikusi edota gertukoekin gutunak gurutzatzea utzi diete.
Bahituta igaro duten tarte batean eurekin batera egon omen ziren japoniar bat eta haurdun zegoen alemaniar emakumezko bat.
Profilak
Antonio Pampliega. Argazkia: EFE
Antonio Pampliega hainbat komunikabideren kolaboratzaile da eta, besteak beste, 'Un mundo en guerra' blogaren egilea. Bertan dio 2008tik gatazka armatuak jarraitzen espezializatu dela.
Angel Sastre. Argazkia: EFE
Angel Sastrek ere komunikabide askorekin lan egiten du, eta Amerika Latinoko eta Ekialde Hurbileko gatazketan ibili izan da. Twitterreko kontu pertsonalean azaltzen duenez, "bihotza zatitua" du Amerika Latinoaren eta Ekialde Hurbilaren artean.
Jose Manuel Lopez. Argazkia: EFE
Azkenik, Jose Manuel Lopez argazki-kazetari ezaguna da, nazioartean hainbat sari eman baitizkiote gune gatazkatsuetan ateratako argazkiengatik.