Mundua -

Gizateriaren kontrako delitua

25 urteko zigorra Bignoneri, Argentinako azken diktadoreari

Campo de Mayo kontzentrazio esparruagatik zigortu dute. Diktadura garaiko kartzela klandestino gogorrena izan zen, eta 5.000 inguru pertsona sartu zituzten bertan, baina oso gutxi atera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Buenos Aireseko auzitegi batek 25 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Reynaldo Bignone Argentinako diktadura militarreko azken presidenteari (1976-1983) gizateriaren kontrako delitua leporatuta, Campo de Mayo kontzentrazio esparruagatik.

Zigor berbera jarri diete Santiago Omar Riveros eta Fernando Verplaetsen jeneral ohiei, eta 20 urteko kartzela-zigorra Carlos Tepedino militar ohiari. Jorge Garcia eta Eugenio Guañabens Perellori 18 eta 17 urteko zigorrak ezarri dizkie.

Diktadurako biktimen senideek txalotutako ebazpenean, Bignonek, Tepedinok eta Guañabens Perellok gaur arte zuten etxeko atxiloaldia amaitu eta kartzelatzea agintzen da.

"Pozik gaude zigorrengatik eta kartzela batean sartzeko erabakiagatik, 30.000 desagertuengatik, amengatik, amonengatik, seme-alabengatik, eta Argentinako herriarengatik", adierazi du Estela Carloto Plaza de Mayoko amonetako batek.

Epaiketa iragan azaroan hasi zen Campo de Mayoko kontzentrazio esparruko 56 biktimengatik.

5.000tik 56

Prozesu honetan 56 biktimen kasuak soilik epaitu dituzte, kontzentrazio esparrutik pasa ziren 5.000 lagunetako oso zati txiki bat.

Bignonek adierazi duenez, erakunde humanitarioek dioten 30.000 desagertuen eta bahitutako 500 haurren kontra, ez da frogatu 8.000 desagertu eta 30 haur bahitu baino gehiago izan zirenik.

Armadatik erretiroa hartu ostean, Bignone 1982ko uztailaren 1ean izendatu zuten presidente Leopoldo Galtieriren ordez, Argentinak Malvina Irletako gerra galdu ostean.

Bere agintaldi laburrean, diktadoreak demokraziarako trantsizioa negoziatu zuen, errepresioaren froga guztiak deuseztatzea agindu zuen eta Armadaren "autoamnistia"tzat jota bertan behera utzi zuten neurri bat bultzatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea