Mundua -
Barne-hauteskundeak
Trumpen eta Clintonen nagusitasuna, gero eta handiagoa
Presidentegai errepublikanoa izateko aukera handiagoak ditu handi-mandiak, bost garaipen gehiago lortuta. Bestalde, Estatu idazkari ohiak beste lau garaipen erdietsi ditu demokraten arteko lehian.
Agentziak | Erredakzioa
Hautagaitza errepublikanoa lortzeko aukera handiagoak ditu orain Donald Trump handi-mandiak; izan ere, bost garaipen erabakigarri lortu ditu AEBetako barne-hauteskundeetan. Era berean, Hillary Clinton Estatu idazkari ohiak, beste lau garaipen lortuta, bere abantaila areagotu du demokraen arteko lehian.
Ipar-ekialdeko bost estatutan irabazi du Trumpek: Maryland, Pennsylvania, Rhode Island, Delaware eta Connecticut. Estatu horiek 118 ordezkari dituzte.
?Niri dagokidanez, hau bukatu da dagoeneko?, adierazi du Trumpek New Yorken, azaroko hauteskundeetan presidentegai errepublikanoa izateko aukerei erreferentzia eginez.
Cruzen eta Kasichen arteko itunak ez du handi-mandia gelditu
Ted Cruz eta John Kasich errepublikanoek Trumpek izendapena lortzeko ordezkariak eskuratzea eragozteko itun bat iragarri eta bi egun geroago, handi-mandia sendo agertu da AEBetako ipar-ekialdean.
Izendapen errepublikanoa lortzeko, 1.237 ordezkari behar ditu Trumpek, alderdiaren zuzendaritzaren nahia (konbentzio borrokatu bat uztailean) saihestu nahi badu. Trumpek kopuru magikoa lortzen ez baldin badu, edozein izan daiteke hautagaitza.
Hala ere, helburua lortzea ez da erreza izango; izan ere, astearteko bozketa izan baino lehen, 845 ordezkari zituen enpresaburuak.
Hamar estatu soilik
Errepublikanoen arteko lehian, hamar estatuk soilik bozkatu behar dute, eta badirudi horietako batzuk ez direla Trumpen aldekoak; besteak beste, Nebraska, Montana eta Hego Dakota.
Asteazken honetan, Indianara helduko da lehia. Trumpek abantaila txikia du, inkesten arabera, baina Cruz baliabide ugari bideratzen ari da maiatzaren 3ko bozketan faboritoari ordezkariak kentzeko.
Hillary Clinton hautagai demokrata, Pennsylvanian. Argazkia: EFE
Demokraten arteko lehian, Clintonek bere abantaila areagotu du Pennsylvania, Maryland, Delaware eta Connecticut estatuetan; Bernie Sanders senatariak Rhode Islanden baino ez du irabazi.
AEBetako Presidentetzarako demokraten hautagaia izateko, 2.383 ordezkari behar ditu Clintonek. Orain arte, 1.500 baino gehiago eskuratu ditu. Sandersek, berriz, 1.200 baino gehiago.