Mundua -
Hauteskunde presidentzialak
Ultraeskuinak irabazi du Austriako hauteskundeen lehen itzulia
Norbert Hofer ultraeskuindarra eta Van der Bellen hautagaia ekologista lehiatuko dira datorren maiatzaren 22an izango den bigarren itzulian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
FPÖ alderdi ultraeskuindarreko Norbert Hofer hautagaiak irabazi du Austriako presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulia, boto-emaileen % 35,4 babesa eskuratuta. FPÖ alderdi euroeszeptiko, xenofobo eta populista da.
Gauzak horrela, hauteskundeen bigarren itzulian, Hofer eta Alexander Van der Bellen hautagai ekologista lehiatuko dira, bigarren horrek bozen % 21,3 lortu baitu.
Bigarren postuan lehia handia izan da Van der Bellen eta Irmgard Griss hautagai independentearen artean. Grissek azkenean botoen % 19 eskuratu du.
Austriaren historian lehendabizikoz, gaur egun koalizio-gobernua osatzen duten sozialdemokratak eta demokristauak bigarren itzuliko lehiatik kanpo gelditu dira. Izan ere, Andreas Kohl demokristauak, Parlamentuko presidente ohiak, laugarren postua lortu du, babesaren % 11,2rekin. Rudolf Hundstorfer sozialdemokrata, berriz, bosgarrena izan da, bozen % 10,9rekin.
Hoferren garaipen argiak azken asteetako inkestak zapuztu du, horien arabera, Van der Bellen baitzen hauteskundeak irabazteko faboritoa.
Bigarren itzulian irabazle ateratzen denak Heinz Fischer presidentea ordezkatuko du. Fischer ezin da berriro aurkeztu, karguan 12 urte eman dituelako.
Austriako presidentek ez dauka botere betearazlerik, eta herrialdearen ordezkaria izan ohi da atzerrian. Dena den, hainbat zeregin ditu: Parlamentua desegitea, Gobernua kargutik kentzea eta Armada gidatzea.
Presidentea aukeratzeko bigarren itzulia maiatzaren 22an izango da.