Mundua -

Lurrikara Ekuadorren

Bermeotar baten lekukotza: 'Jolas-parkeko barraka bat zirudien autoak'

Josu Velasco Ekuadorren bizi da, bertan lanean baitago. Lurrikararen unean, gurasoekin zegoen, turista gisa. "Ikaragarria izan da", esan du Radio Euskadik jasotako adierazpenetan.

Kalte material handiak izan dira Ekuadorren. Argazkia: EFE
Kalte material handiak izan dira Ekuadorren. Argazkia: EFE
Kalte material handiak izan dira Ekuadorren. Argazkia: EFE

T.S.J. | RADIO EUSKADI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ibilgailua asko mugitzen zen, jolas-parkeko barraka bat zirudien; autoa gelditu egin genuen, baina kotxeak mugitzen jarraitzen zuen". Horrela bizi du Ekuadorreko lurrikara bertan lanean ari den Josu Velasco bermeotarrak, Radio Euskadik jaso ahal izan duenez.

"Autoan geunden, Guayaquil ikustera gindoazela, eta lurrikarak horretan harrapatu gaitu", azaldu du Velascok. "Hasieran ez gara horretaz ohartu, baina gero bai, eta ezuste handiagoa hartzen hasi gara", esan du. "Gu onik gaude, gurasoekin eta bi lagunekin nengoen, Ekuadorrera bisitan etorri direlako. Irratia jarri dugu, eta jazotakoaz enteratu gara laster".

Lurrikarari dagokionez, "50 segundu eta minutu bateko iraupena izan du", Velascoren iritzian. "Ikaragarria izan da. Asko nabaritu da", gaineratu du.

Lurrikararen ostean, "Guayaquilera abiatu gara, baina bertako dendak itxi egin zituzten, jendea euren familiarengatik kezkatuta baitzegoen. Trafiko-nahasmena izan da". Dena dela, Velascok azaldu duenez, kaleetan ez ditu militarrik ikusi, Ekuadorreko presidenteak salbuespen egoera ezarri badu ere.

Bermeotar horrek bizi izandako bigarren hondamendi naturala izan da atzokoa, izan ere, 2004ko abenduan Indiako kostaldea gogor astindu zuen tsunamiaren lekuko ere izan zen. "Ez zara gertaera horietara ohitzen, ez dakizulako zeintzuk izan daitezkeen ondorioak, edo zer nolako eragina izango duen zuen senideengan", azaldu du.

Ekuadorreko ipar-kostaldea bart jo duen lurrikara 7,8 gradukoa izan da, Ritcher eskalan. 230 hildakotik gora izan dira, eta milaka zauritu daude.  Erreskate-taldeek lanean jarraitzen dute bizirik atera diren lagunen bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo