Mundua -

Martxoaren 22ko erasoak

Beste bi pertsona erruztatu dituzte Bruselako atentatuengatik

Smail F. eta Ibrahim F. erruztatu ditu Belgikako argibideetako epaile batek, talde terroristako ekintzetan, hilketa terroristetan eta hilketa saiakeretan parte hartu izana egotzita.

Belgikako Polizia Bruselako kaleetan. Argazkia: EFE
Belgikako Polizia Bruselako kaleetan. Argazkia: EFE
Belgikako Polizia Bruselako kaleetan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Smail F. eta Ibrahim F. erruztatu ditu gaur Belgikako argibideetako epaile batek, Fiskaltza federalak Belga albiste-agentziari jakitera eman dionez. Martxoaren 22ko Bruselako metro eta aireportuko eraso terroristen egileak, egilekideak edo konplizeak izatea leporatu diete.

Talde terroristako ekintzetan, hilketa terroristetan eta hilketa saiakeretan “egile, egilekide edo konplize” bezala parte hartu izana egotzi die magistratuak bi gizonei, Fiskaltzak zehaztu duenez.

Smail F. 1984an jaio zen eta Ibrahim F. 1988an. Ministerio Publikoak erantsi duenez, des Casernes etorbideko etxebizitzaren alokairuarekin zerikusia dutelakoan atxilotu dituzte. Bruselako Etterbeek barrutiko etxea larunbatean miatu zuen Poliziak, baina ez zuen armarik aurkitu, ezta lehergairik ere.

Bi erruztatu berriak anaiak dira eta asteburuan atxilotu zituzten, VRT Flandriako telebista publikoak jakinarazi duenez.

Etterbeekeko etxebizitza

Maelbeekeko metro geltokiari eraso zion taldea Etterbeekeko etxetik atera zela ziurtatu du RTBFk. Khalid El Bakraoui geltokian immolatu zen.

Lehergailua zartarazi baino lehen, Osama Krayemek El Bakraoui lagundu zuela badakite ikertzaileek, baina erasotik onik atera zen eta ostiralean atxilotu zuten.

Etterbeekeko etxebizitzan Krayemen motxila topatzea espero zuten ikertzailek, El Bakraouik zeramanaren oso antzekoa, segurtasun kamerek jasotako irudien arabera, baina ez zuten aurkitu eta oraindik bilatzen ari dira.

Bestalde, larunbatean Mohamed Abrini erruztatu zuten talde terroristako ekintzetan, hilketa terroristetan eta hilketa saiakeretan parte hartu izana egotzita.

Era berean, azaroaren 13ko Parisko atentatuetan parte hartu izana leporatu diote Belgikako ikerketaren barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Brusela bideoak Atentatuak argazkiak Jihadismoa Albisteak