Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Bruselak ez du gaitzetsi Mazedoniak Idomenin egindako errepresioa
Istiluak saihesteko, errefuxiatuei informazio gehiago ematea eskatu die Europako Batzordeak Idomenin lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeei eta buruzagiei.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan asteburuko istiluak errepikatzea saihesteko, errefuxiatuei informazio gehiago ematea eskatu die Europako Batzordeak Idomenin (Grezia) lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeei eta buruzagiei. Mazedoniako Poliziak ia 300 pertsona zauritu zituen mugan, liskarretan.
“Gobernuz kanpoko erakunde eta buruzagi guztiek etorkinei informazio zuzena eman behar diete Idomenin, istilu gehiago saihesteko”, azaldu du Mina Andreeva EBko bozeramaileak.
“Idomeniko jendea Greziako harrera zentroetara eraman behar dutela errepikatzen jarraituko du” Batzordeak, azpimarratu duenez, “legez kanpoko bidaia arriskutsuarekin ez lukete jarraitu behar”.
Igandean ia 300 lagunek arnasa hartzeko arazoengatik edo zauriengatik artatu behar izan zituztela jakitera eman dute Mugarik Gabeko Medikuek. Mazedoniako Poliziaren eta errefuxiatuen arteko istiluak izan ziren Idomeniko kanpamentuan.
Mazedoniako Poliziak negar eragiteko gasak erabili zituen, 500 bat etorkin eta errefuxiatu muga gainditzen saiatu zirenean.
Zurrumurruak
Arabieraz idatzitako liburuxka bat banatu eta zurrumurruak zabaldu ziren. Muga zabaldu behar zutela zioten zurrumurruek, eta errefuxiatuak hesi aurrean biltzen hasi ziren igandean.
Mazedoniako Poliziak talde txiki bati hori gertatuko ez zela esaten zion bitartean, ehunka errefuxiatu hesira hurbildu eta harrika hasi ziren. Poliziek negar eragiteko gasak, zorabio-granadak eta gomazko pilotak jaurti zituzten.