Mundua -

Panamako paperak

Cameronek bere zerga-aitorpenak plazaratu ditu polemikan murgilduta

Lehen begiratuan, ez dute erakusten dudazko diru-sarrerarik, baina hedabideek bere amak egin zizkion 100.000 liberako bi opariren gainean zalantzak dituzte.

Erresuma Batuko paradisu fiskalek aberastasun itzela ezkutatzen dute

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak bere zerga-aitorpenak argitara eman ditu gaur, Panamako paperen auziak eragindako eztabaida baretzeko saiakeran.

Hedabideetan eta politika esparruan piztutako eskandalu handiaren erdian, Cameronek 2009 eta 2015 urteen artean izandako diru-sarreren xehetasunak eman ditu. Mossack Fonseca Panamako abokatu-bulegotik ateratako paperetan bere aitak paradisu fiskal batean egindako inbertsio batetik jasotako irabaziak ezagutzearen ondorena da hori guztia.

Lehen begiratuan, Erresuma Batuko lehen ministroaren zerga-ekarpenek ez dute erakusten dudazko diru-sarrerarik, baina hedabideek zalantzak dituzte bere amak, aita hil ostean, 2011 urtean egin zizkion 100.000 liberako bi opariren gainean (246.000 euro).

Ogasunaren azken aitorpenean, 2014-2015ekoan, lehen ministroak 200.307 liberako (246.377 euro) diru-sarrerak izan zituen, eta 75.898 libera (94.037 euro) ordaindu zituen horien gaineko zergetan.

Diru-sarrerak honako iturri hauetatik datoz: gobernuburuaren soldata, 140.522 libera (172.842 euro), Alderdi Kontserbadorearen ekarpena, 46.899 libera (57.685 euro), Londreseko bere etxearen alokairua 46.899 libera (57.685 euro) eta kontu-korronte bateko interesak, 3.052 libera (3.753 euro).

Aurreko urteetako aitorpenek erakusten dutenez, 2010. urtean hil zen bere aitarengandik 300.000 libera (369.000 euro) jaso zituen. Horien gainean ez zuen zergarik ordaindu behar izan, herentzia kasuetan 325.000 libera baita zergak ordaindu behar izateko gutxieneko kopurua. Beste urte batean jaso zituen bere amak egindako 100.000 liberako (123.000 euro) bi ordainketak.

Hedabideek diotenez, Cameronek amak bere senarrak Bahametan zuen inbertsioko akzioak jaso zituen; ondorioz, ez dago argi Mary Cameronen bere semeari 2011n (boterera heldu eta hurrengo ostean) eman zion oparia akzio horien salmentatik eratorritakoak diren.

Paradisu fiskaletan interesik ez zuela adierazi ostean, Cameronek ostegunean onartu zuen 30.000 libera (37.500 euro) baino gehiago balio zuten akzioak izan zituela bere aitaren inbertsio-funtsean (Blairmore Holdings). Saldu zituenean 19.000 liberako (23.370 euro) etekina atera zuen; alabaina, Erresuma Batuan ordaindu zituen horien gaineko zergak.

2009 eta 2015 arteko sei urteetan, Cameronek guztira 1,1 milioi libera irabazi zituen (1.353.00 euro) eta 400.000 libera (492.000 euro) ordaindu zergetan, gaur argitara emandako zerga-aitorpenen arabera.

Lehen ministroak onartu egin du huts egin duela Panamako paperetan jasotzen diren informazioei nola egin dien aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua albisteak David Cameron argazkiak Eguneko albisteak