Mundua -
Bruselako atentatuak
Belgikako Poliziak Mohamed Abrini eta beste lau pertsona atxilotu ditu
Fiskaltzak uste du Mohamed Abrinik Parisko erasoetan parte hartu zuela eta Bruselako aireportutik ihes egin zuen "kapeladun gizonezkoa" bera ote den ikertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Fiskaltzak baieztatu duenez, Mohamed Abrini atxilotu dute ostiral honetan Bruselan. Salah Abdeslami azaroaren 13an Parisen izan ziren atentatuak prestatzen lagun ziola uste dute eta martxoaren 22ko erasoetan Bruselako aireportutik ihes egitea lortu zuen “kapeladun gizonezkoa” ote den ikertzen ari dira.
Horrez gain, Thierry Werts Fiskaltzaren bozeramaileak jakinarazi du Naim Al Hamed (Osama Krayem omen da bere ezizena) ere atxilotu dutela. Khalid El Bakraoui Bruselako metroan lehergailu bat zartarazita bere burua hil zuen jihadistarekin atentatua baino lehen harremana izan zuela uste dute.
Ministerio Publikoaren arabera, Abriniren DNA aztarnak Bruselako Schaerbeek auzoko etxebizitza batean topatu dituzte. Aireportuko eta metroko erasoak burutu zituzten ekintzaileen etxean, hain zuzen ere.
Guztira, ostiral honetan egindako polizia-operazioetan bost pertsona atzeman dituzte.
Bruselako atentatuetan 32 lagun hil ziren.
Ikerketa
Naim Al Hamed goizean atxilotu dute, Herve B. M. izeneko beste gizonezko batekin batera. Salah Abdeslamek alokatutako ibilgailu bat jaso zuen Naim Al Hamedek 2015eko urria 3an, Alemanian, eta Belgikara eraman zuen, Fiskaltzaren arabera.
Khalid El Brakouirekin harremanetan egon zen gizonezkoa Brusela erdiguneko saltoki batean izan zen eta aireportuko atentatuak egiteko poltsak bertan erosi zituen.
Abriniri dagokionez, Bruselako Anderlecht auzoan atzeman dute. Berarekin batera beste bi lagun ere atxilotu dituzte.
Abriniren aztarna digitalak eta DNA arrastoak Schaerbeek auzoko puntu ezberdinetan eta Parisko erasoetan erabilitako ibilgailu baten topatu zituzten.
Azaroaren 11n gasolindegi batean, Parisko noranzkoan, grabatu zuten segurtasun-kamerek. Salah Abdeslamekin zegoen.
Frantzian egiten ari diren ikerketaren arabera, etxebizitza bat alokatu zuten biek Alfortvillen, Paris kanpoaldean, atentatuak izan baino egun batzuk lehenago, eta bertan hartu zuten ostatu erasotzaileetako batzuek.
Nolanahi ere, Belgikako Fiskaltzaren bozeramaileak azpimarratu du ikerketak irekita jarraitzen duela eta Mohamed Abrinni Bruselako aireportutik ihes egin zuen hirugarren ekintzailea den edo ez argitzeko dagoela.
Bihartik aurrera gaurko polizia-operazioaren inguruko xehetasun gehiago emango dituztela iragarri du.