Mundua -

Goi-bileraren amaiera

Obama: "Mundua desafiatzeagatik ondorioak merezi ditu Iranek"

Segurtasun nuklearreko goi-bileraren 47 Estatu parte-hartzaileek datozen lau urteetan mundu osoko material nuklearraren segurtasuna bermatzea adostu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioartearen borondatea ez betetzeagatik eta programa nuklearrarekin aurrera jarraitzeagatik Iranek "ondorioak jasan behar" dituela esan du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak.

Washingtonen egindako segurtasun nuklearreko goi-bilera amaitu ostean emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Obamak. Goi-bileran 47 Estatuk parte hartu dute eta lau urteren buruan mundu osoko material nuklearraren segurtasuna bermatzea adostu dute.

Horrela, AEBek eta Errusiak plutonio gordetegiak 34 tonatan gutxitzeko akordioa sinatu dute gaur; milaka arma nuklear sortzeko aukera emango lukete 34 tona horiek.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak eta Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak sinatu dute Washingtonen Plutonioa Erabiltzeko Akordio berria (aurrekoa 2000. urtekoa zen).

Guztira, 34 tona plutonio erreko dituzte Moskuko eta Washingtoneko Gobernuek, elektrizitatea sortzeko.

Dena den, etorkizunean tona gehiago gutxitzeko aukera zabalik utzi dute.

Kooperazio ituna

Washingtonen, Segurtasun Nuklearraren Bilkuran batzartutako 47 herritako ordezkariek erasotzen erraza den material nuklear guztia datozen lau urteetan babesteko akordioa lortu dute ere, Efek jakinarazi duenez.

Estatuko eta Gobernuko buruek sinatutako proposamen horretan, herrien arteko kooperazioa beharrezkoa dela aintzat hartzen dute, eta horretarako, informazioa partekatzeko aldebiko eta aldeanitzeko tresnak erabiliko dituzte; arma nuklearrak aurkitzea eta segurtasuna indartzeko teknologia berriak garatzea da helburua.

Iranen aurkako zigorrak

Obama presidenteak eta Hu Jintao Txinako lehen ministroak Iranen aurkako zigor berrietan lan egitea adostu zuten atzo. Programa nuklearra dela-eta Iran zigortu nahi dute.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea dute bi potentziek. Horregatik Teheranen aurkako zigor berriak ezartzeko bi herrialdeak ados jartzea oso garrantzitsua da.

Terroristen eraso nuklearrak

Obamak esan du galarazi egin behar dela terroristek arma nuklearrak lortzea. Ildo horretan, herrien arteko gerra nuklearraren arriskua txikitu egin dela esan du.

Turkia eta Brasil

Bestalde, Iraneko gatazkarako bitartekotza proposamen bat aurkeztu diote Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak eta Recep Tayipp Erdogan Turkiako lehen ministroak Obamari, zigorrak izatea ekiditeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea