Mundua -
Goi-bilera
Obama: "Terroristek eraso nuklearra egiteko arriskua igo egin da"
Segurtasun Nuklearreko Goi-bileran "neurri espezifiko eta konkretuak" adostea espero du Barack Obamak, "mundu seguruago bat lortzeko".
Erredakzioa
Herrialdeen arteko guda nuklearra egoteko arriskuak behera egin duen bitartean talde terroristen eraso atomikoak izateko aukera nabarmen igo dela esan du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak.
Segurtasun Nuklearreko Goi-bilerari hasiera emateko hitzaldian egin ditu adierazpenok AEBetako presidenteak. Horrez gain, Obamak minutu bateko isilunea egin du Lech Kaczynski Poloniako presidentea eta gainontzeko biktimak gogoratzeko.
Parte-hartzea dela-eta "txundituta" azaldu da AEBetako presidentea. Izan ere, nazioarteko buruzagien bilerarik handiena da AEBetan, 1945ean egindako goi-bilera batetik.
Obamaren hitzetan, herrien arteko gerra nuklearraren arriskuak behera egin du, baina talde terroristen eraso nuklearra izateko arriskuak gora egin du.
"Historiaren trufa ankerra" dela dio AEBetako presidenteak.
Ildo horretan, egungo egoerak "ikuspuntu berria" behar duela adierazi du; egoera berri horri "herri eta aliatu bezala erantzun behar diogu".
"XXI. mendeko arazoak herri batek bakarrik ezin dituela konpondu ziur nago. Arazo horiek konpontzeko denok batera lan egin behar dugu", azaldu du.
Washingtonen bildutako agintari ezberdinekin batzartu da Obama, besteak beste, Iranen mehatxuari buruz hitz egiteko.
Atzo Iranen programa nuklearraren aurkako zigorrak adostu zituzten Hu Jintao Txinako presidenteak eta Obamak.