Mundua -

Krisi politikoa

Islandiako lehen ministroak dimisioa eman du 'Panamako paperengatik'

Ordu batzuk lehenago Sigmundur David Gunnlaugssonek Parlamentua desegitea eskatu du, baina Olafur Ragnar Grimsson Islandiako presidenteak eskakizuna atzera bota du.

Sigmundur David Gunnlaugsson Islandiako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Sigmundur David Gunnlaugsson Islandiako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Islandiako lehen ministroak dimisioa eman du 'Panamako paperengatik'

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sigmundur David Gunnlaugsson Islandiako lehen ministroak dimisioa eman du. Ordu batzuk lehenago Parlamentua desegitea eskatu du agintariak, baina Olafur Ragnar Grimsson presidenteak eskaera atzera bota du. Lehen ministroa ‘Panamako paperetan’ agertzen da, zerga-paradisu batean enpresa bat izan zuelako.

Bere alderdiko diputatuekin bildu da eta gobernuburuak dimisioa baieztatu du, Sigurour Ingi Johannsson Nekazaritza ministroak RUV telebistari jakitera eman dionez. Hala ere, Alderdi Progresistaren buruzagia izaten jarraituko du.

Bertako komunikabideek azaldu dutenez, lehen ministroak Gobernu koalizioko bazkideari, Independentziaren Alderdiari, ezer jakinarazi ez diola argudiatu du Olafur Ragnar Grimssonek, proposamena atzera botatzeko.

10.000 pertsona baino gehiagok manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, Reykjaviko erdialdean, Gunnlaugssonen dimisioa eskatzeko. Alderdi Progresistako buruzagiaren izena Panamako bulegoaren agirietan agertzen da. Nazioarteko komunikabideek bulegoaren dokumentuak argitaratu zituzten.

Protestak Reykjavic Islandia efe

10.000 pertsona baino gehiagok manifestazioa egin zuten Reykjaviko erdialdean. Argazkia: EFE

Zentsura-mozioa

Bestalde, oposizioko lau indar nagusiek (sozialdemokratak, Piratak, Ezkerra-Berdeak eta Etorkizun Distiratsua) zentsura-mozioa aurkeztu behar zutela iragarri zuten, baina data zehatzik eman gabe.

Gunnlaugsson eta haren emaztea, Sigurlaug Palsdottir, Birjina uharteetako sozietate baten (Wintris) jabeak zirela argitara eman dute ‘Panamako paperek’.

Bonutan ia 4 milioi dolar gorde zituzten sozietatean, 2008an Islandiako hiru banku nagusiek porrot egin ondoren. Gunnlaugsson 2009an heldu zen Islandiako Parlamentura eta urte bukaeran Wintriseko % 50a bere emazteari saldu zion euro baten truke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Ustelkeria politikoa gaur Eguneko albisteak Panama Albisteak Islandia