Mundua -

Smolenskeko tragedia

Polonia geldirik, hildako presidenteari omenaldia egiteko

Errusiako agintariek baztertu egin dute hegazkinak matxura izan zuela, eta pilotuen akats bat izan zela uste dute. Gainera, presidente poloniar ohiak lur hartzeko agindua eman zuela uste dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka hiritar bildu dira Poloniako hiriburuan, Varsovian, Lech Kaczynski presidente ohiari omenaldia egiteko, gorpua hirira iritsi denean. Dolua da nagusi Polonian Smolenskeko tragedia dela eta.

Varsoviako aireportutik presidentearen jauregiraino dauden hamar kilometroetan, poloniarrek giza katea osatu dute Kazcynskiren gorpua zeraman karabanaren alde banatan

Errusiako Smolensk aireportu militarretik gertu hegazkin istripuz hil zen presidentea iragan larunbatean beste 95 bidaiarirekin batera, Kaczynski bera, Maria emaztea, Poloniako zenbait goi-kargudun eta tripulazioko kideak.

Karabanaren ibilbideak hiriko zirkulazioa eten du erabat, eta ugariak ziren lazo beltza zeramaten Poloniako banderak, ez eraikin ofizialetan soilik, baizik eta etxebizitzetan eta kaleko ibilgailu askotan.

Dolu nazionala

Lech Kaczynskiren gorpua jasotzera bertaratu dira aireportura Marta Kaczynski alaba eta Jaroslaw Kaczynski presidentearen anaia bikia. Hilotzaren aurrean belaunikatu dira behin eta berriz, hunkituta.

Tragediaren ostean, astebeteko dolu nazionala ezarri dute Polonian, eta kirol eta kultur ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.

Ikerketak polituak jarri ditu jomugan

Errusiako agintariek baztertu egin dute hegazkinak matxura izan zuela, eta pilotuen akats bat izan zela uste dute. Gainera, presidente poloniar ohiak lur hartzeko agindua eman zuela uste dute.

"Pilotuak bazekien eguraldiaren baldintzak oso txarrak zirela, baina lurra hartzea erabaki zuen", adierazi du Alexandr Bastrikin Bastrikin Fiskaltzaren Ikerketa Batzordeko presidenteak. Poloniako fiskalekin eta espezialistekin elkarlan estuan dihardutela argitu du Bastrikinek.

Fiskaltzak Vladimir Putin Errusiako lehen ministroari jakinarazi dionez, hegazkineko tripulazioaren eta kontrol dorrearen arteko elkarrizketek agerian uzten dute Tupolev-154 hegazkinak ez zuela matxurarik izan.

Errusiako goi-kargudunek lehen ere esan zuten pilotuek kontrol dorrearen aholkuei ez zietela jaramonik egin eta lur hartzea debekatu zieten arren, horrela egin zutela.

Poloniako eta Errusiako hedabideek ez dute baztertzen pilotuek Kaczynskiren agindu zuzen bat bete zutela, izan ere, lau lur hartze saiakera egin zituzten presidentea omenaldi batera irits zedin.

Gorpuen identifikazioa

Auzitegi medikuek dagoeneko 24 gorpu identifikatu dituzte, egoera onenean zeudenak edo soinean dokumentazioa zeramatenak hain zuzen. Gainerakoak identifikatzeko DNA frogak egin beharko dituzte Moskura iristen ari diren senideekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea