Mundua -

Kolonbia

Bake-prozesua ofizialki hasiko dute Kolonbiako Gobernuak eta ELNk

Bi aldeek agerraldi bateratua egin dute bakerako elkarrizketak hasteko akordioaren oinarriak azaltzeko.

Kolonbiako Gobernuaren eta ELNko talde negoziatzaileen bozeramaileak. Argazkia: EFE
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNko talde negoziatzaileen bozeramaileak. Argazkia: EFE
Kolonbiako Gobernuaren eta ELNko talde negoziatzaileen bozeramaileak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta ELN gerrillak elkarrizketa formalak hasiko dituzte Ekuadorren, “gatazka armatuari amaiera emateko akordioa lortzeko”.

Frank Pearl Kolonbiako Gobernuaren negoziazio taldearen bozeramaileak eta Antonio Garcia ELNko talde negoziatzailearen arduradunak agerraldi bateratua egin dute Caracasen, bake-prozesua ofizialki hasteko akordioa iragartzeko.

“Kolonbiako Errepublikako Gobernuak eta ELNk negoziazioak aurreratzea erabaki dute, aurretik egindako esplorazio-elkarrizketa konfidentzialetan bakea lortzeko mahai publiko bat osatzeko borondatea irmoa dela egiaztatuta”, dio itunak.

Gatazka armatua amaitzeko eta bakea eta zuzentasuna bermatzeko asmoz egingo diren elkarrizketak bideratzeko agenda zehaztu dute.

Elkarrizketa konfidentzialak 2014ko urtarrilean hasi zituzten, eta 2016ko martxora arte luzatu dira. Ekuadorren, Brasilen eta Venezuelan elkartu ziren bi aldeak. Herrialde horiek eta Norvegiako Gobernuak berme-emailea eginkizuna izan dute; Kubak eta Txilek, berriz, laguntzaile lanak egin dituzte.

“Herrialde horiei guztiei Gobernu nazionalak eta ELNk errekonozimendua eta esker ona adierazi nahi dizkie”, esan du Pearlek.

Horrenbestez, “elkarrizketetarako mahai bakarra Ekuadorren ezarriko dugu, baina saio batzuk Venezuelan, Txilen, Brasilen eta Kuban ere egingo ditugu”, azaldu du.

“Gobernuaren eta ELNren ordezkaritzen arteko elkarrizketa zuzenak aurreratzea adostu dugu, baita gizartearen parte-hartzea ahalbidetzea ere, bakea eraikitzeko bidean”, erantsi du.

Bakea “iraunkorra eta luzarorako” izateko, biktimak eta haien eskubideak aintzat hartzea ezinbestekotzat jo dute bi aldeek, “egia, justizia, erreparazioa, berriro ez gertatzeko konpromisoa eta oroimena oinarri izanda”.

Elementu horiek guztiek batera barkamena eta adiskidetze prozesua sustatuko dutela erantsi dute.

Koordinazioa FARCekin

Bestalde, Kolonbiako Gobernuaren talde negoziatzailearen arduradunak iragarri du, aipatu akordioaren berri eman ostean, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dituztela FARC gerrillarekin Habanan izaten ari diren bakerako elkarrizketak eta Ekuadorren ELNrekin hasiko duten negoziazioa “koordinatuta” egoteko.

Hasiera batean, Juan Manuel Santos presidente kolonbiarraren asmoa bi armadekin mahai berean negoziatzea izan zen, baina ez da posible izan.

Bi gerrillak beren jarduna koordinatzeko prest agertu dira sarritan, baina bi erakundeen arteko ezberdintasunak ere behin baino gehiagotan agerian geratu dira.

Nolanahi ere, Juan Manuel Santosek babestu egin du Kolonbiako Gobernuak ELNrekin ofizialki orain hasiko duen bakerako elkarrizketa, eta FARCekin abiatuta dagoen prozesuaren osagarri izango dela ziur agertu da . “Prozesuak ezberdinak dira, baina gatazkaren konponbidea bakarra da”, azpimarratu du.

Telebista bidez emandako agerraldi batean, Santosek esan du behin betiko bakea erdiesteko FARCekin ituna lortzea soilik ez dela nahikoa eta, beraz, ezinbestekoa dela ELNrekin ere elkarrizketak izatea eta akordio batera heltzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Kolonbiako albisteak gaur