Mundua -
Kuba
Fidel Castro: 'Ez dugu inperioaren oparirik behar'
Kubako presidente ohiak berriki Barack Obamak uhartera egindako bisita hizpide izan du hedabide ofizialetan argitaratutako artikulu batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fidel Castro Kubako buruzagi ohiak gaur adierazi duenez, haren herrialdeak ez du inperioaren oparirik behar eta kubatarrek ez diote inoiz uko egingo "hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren garapenari esker irabazi dituzten eskubideei, loriari eta aberastasun espiritualari".
2006az geroztik erretiroa hartuta dagoen buruzagi historikoak gogor kritikatu du Barack Obamak Kuban egindako hitzaldia, Kubako hedabide ofizialek gaur argitaratutako artikulu batean.
"Behar ditugun elikagaiak eta ondasunak ekoizteko gai gara gure herriaren ahaleginari eta adimenari esker", azpimarratu du Fidel Castrok.
Iragana ahaztu eta etorkizunera begiratu behar dela azpimarratu zuen Obamak Kubako herriari zuzendutako hitzaldian. Fidel Castroren esanetan, hitzik gogaikarrienak erabili zituen Obamak eta kubatarrek bihotzekoa gertu izan zuten AEBko presidenteak estatubatuarren eta kubatarren arteko adiskidetasuna eta senidetasuna aipatu zuenean.
"Ia 60 urte luze dirauen blokeo bihozgabearen ondoren, eta mertzenarioek Kubako itsasontzien eta portuen kontra egindako erasoetan hil direnak? Bidaiariz betetako hegazkin bat leherrarazi zutenak? Mertzenarioen inbasioak? Hamaika indarkeria ekintza?", zehaztu du Fidel Castrok.
Castroren esanetan, erabat berriak ziren kontzeptuak sartu ziren kubatarren buruetan Obamak Ameriketako Gerra Hotza atzean uzteko eta kubatarrei "adiskidetasunaren eskua" luzatzeko asmoa agertu zuenean.
Bestalde, Fidel Castrok gogor kritikatu ditu Obamak Kubaren zein AEBren jatorri mestizoaz egindako adierazpenak, batez ere, "Kubako Iraultzak arraza diskriminazioa ezabatu" zuela aipatu ez zuelako.