Mundua -
Prentsa idatzia
'The Independent' egunkariak papereko azken alea kaleratu du
Aurrerantzean, atari digitalari soilik eutsiko dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
The Independent egunkari britainiarrak papereko azken alea kaleratu du gaur, larunbata, eta aurrerantzean formatu digitalari soilik eutsiko dio.
Azaleko argazkian Belgikan egindako terrorismoaren kontrako azken operazioaren baitan trenetik atera behar izan zituzten pertsonak ageri dira. Titularrean, berriz, hau irakur daiteke: "Hiri bat mugan: beldurraren beste egun bat Bruselan".
Egunkariaren jabe den ESI Media taldeak papereko alea argitaratzeari utziko ziola iragarri zuen otsailaren 12an eta kazetaritzan izandako aldaketei egotzi zien erabakia. Halaber, zenbait kaleratze egon zitezkeela azaldu zuen.
Halaber, atari digitalean lan egiteko 25 lanpostu sortuko zirela iragarri zuen. Azken 12 hilabetetan % 33 hazi dira The Independent egunkariaren atariaren bisitak eta ESI Media taldeak diru-sarrerak % 50 haztea aurreikusten du aurten.
The Independent egunkariaren igandeko alea otsailaren 20an utzi zioten argitaratzeari.
Halaber, ESI Media taldeak Johnston Press editorialari saldu zion The Independent egunkariaren "i" bertsioa, txikiagoa zena eta metroko bidaiariei banatzen zitzaiena.
1986an sortutako egunkariak ildo editorial europazalea eta aurrerakoia du. Dena den, pasa den abenduan 56.000 ale pasatxo saltzen zituen.