Mundua -

Siria

Siriako Armadak kokaleku gehiago hartu ditu Palmirako kanpoaldean

Estatu Islamikoak, oraingoz, hiria kontrolatzen du; soldadu siriarrek inguruko mendi batzuk berreskuratu dituzte, eta borrokan jarraitzen dute Palmiran sartzeko.

Siriako soldadu batzuk, Palmirarantz. Argazkia: EFE.
Siriako soldadu batzuk, Palmirarantz. Argazkia: EFE.
Siriako armadak kokaleku gehiago hartu ditu Palmirako kanpoaldean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Armadak kokaleku gehiago hartu ditu Palmirako kanpoaldean. Hiria, monumentu ugari dituena, Estatu Islamikoaren esku dago, eta soldadu siriarrek borrokan jarraitzen dute berreskuratzeko. Homs erdialdeko probintziako ekialdean dago Palmira.

Iturri militar batek (Sana Siriako albiste-agentzia ofiziala aipatuta) nabarmendu du Syriatel mendixkaren kontrola berreskuratu dutela; Palmirako gotorlekutik gertu dago mendixka hori, hiriko kanpoaldean. Zehaztapen gehiagorik ez du eman.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak, aldiz, azpimarratu du soldaduek hainbat biltegi ere hartu dituztela, baita Al Zar mendia ere. Guztia Palmirako inguruan dago.

GKEk dio borrokatzen jarraitzen dutela, bai Siriako Armadak baita Estatu Islamikoak, hiritik gertu, hainbat lekutan.

Gainera, Al Qariatain herritik hurbil ere daude borrokak; jihadisten esku dago, hori ere, eta Homseko probintzia horretan bertan kokatzen da.

Palmirako hegoaldeko zenbait auzotara sartu dira

Atzo, Homseko gobernatzaile Talal al Barazik esan zion Eferi soldaduek Palmirako hegoaldeko zenbait auzotara sartzea lortu dutela.

"Armadak erasoa egin dute hiru aldetatik (ipar-mendebaldetik, mendebaldetik eta hego-mendebaldetik), Palmirako kanpoaldeetatik aurrera egin ostean; zenbait mendi bereganatu ditu", azaldu du arduradun politikoak.

Estatu Islamikoak 2015eko maiatzaren 20an konkistatu zuen Palmira. Bertako hondakin greko-erromatarrak Unescoren Mundu Ondarea dira. Garai hartan, duela ia urtebete, eraso handia jo zuten jihadistek Homseko ekialdean, Irakeko mugatik oso gertu.

Sirian su-etena dago indarrean, otsailaren 27tik, baina Estatu Islamikoa ez dago horren barne. Damaskoko Gobernuak eta Negoziazioetarako Batzorde Gorenak, oposizioaren aliantza nagusia bera, eusten diote su-etenari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Estatu islamiarra berriak Jihadismoa hoy Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Siria gaur