Mundua -

Atentatuak Bruselan

Informazioa trukatzeko prozedura hobetuko dute EBko herrialdeek

Horrez gain, Interneteko operadore handiei laguntza eskatuko diete, ustezko terroristen arrastoa sarean jarraitu ahal izateko.

Europar Batasuneko agintariek agerraldia. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko agintariek agerraldia. Argazkia: EFE
Informazio trukea bultzatzea adostu du Europar Batasunak

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Barne ministroek ezohiko bilera egin dute arratsalde honetan, eta herrialde ezberdinen arteko inteligentzia zerbitzuen arteko harremana hobetzea adostu dute,  informazioa azkarrago eta modu eraginkorragoan trukatzeko asmoz.

Horrez gain, Interneteko operadore handiei laguntza eskatuko diete, ustezko terroristen arrastoa sarean jarraitu ahal izateko eta, ondorioz, Parisen eta Bruselan izandakoak bezalako eraso gehiago izatea ekiditeko.

“Hemendik aurrera azkarrago konpartituko dugu informazioa”, esan du Ronald Plasterk Barne ministro holandarrak eta Europar Batasuneko txandakako presidenteak, Bruselako atentatuen ostean deitutako ezohiko goi-bilera amaitu ostean.

“Ez dugu plan berririk behar; aurretik hartuak ditugun neurriak indarrean jartzea da behar duguna, eta horixe da bilera honetan hartu dugun konpromisoa”, erantsi du.

Bi orduko batzarraren ondoren egindako agerraldi bateratuan, Plasterkek adierazi du “premiazkoa” dela herrialde guztiek ahalegin guztia egitea Pariseko eta Bruselako atentatuak nola gauzatu ziren argitzeko eta aktibo egon daitezkeen balizko taldeak zaintzeko.

Gauzak horrela, Europako Barne ministroek ezinbestekotzat jo dute segurtasun, garraio eta migrazio datuak elkartrukatzea. Ildo horretan, datozen asteetan “muga inteligenteei” buruzko proposamen zehatzak egingo dituzte.

Beranduenez, ekainerako aurkeztu beharko dituzte informazioa azkarrago eta hobeto konpartitzeko neurriak.

Horrez gain, Europako Parlamentuari berriro eskatu diote hegazkin bidaiarien erregistroa sortzea ahalbidetu dezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela bideoak Belgika albisteak Jihadismoa albisteak Gaurko azken ordukoa