Mundua -

Lehen urteurrena

Minutuko isilunea Alpeetan, Germanwingseko 150 biktimen omenez

Istripuan hil ziren 150 lagunen familia eta gertukoek Le Vernet herrian batu dira, alegia, ezbeharra jazo zen tokitik gertuen dagoen udalerrian.

Germanwingseko istripuaren lehen urteurrena da. Argazkia: EFE.
Germanwingseko istripuaren lehen urteurrena da. Argazkia: EFE.
Hildakoen senideek lore eskaintza lehen urteurrenean

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Germanwings aire-linearen hegaldiak izan zuen ezbehar larriaren lehen urteurrena dela eta, bertan hil ziren 150 lagunen familiako eta gertukoak Le Vernet herrian bildu dira, Frantziako Alpeetan; Le Vernet da istripua jazo zen puntutik gertuen dagoen udalerria. Minutuko isilunea egin dute bertan, biktimen omenez.

Bertako 10:41ean (GMT 9:41ean), istripua gertatu zen orduan bertan, familiakoek hasiera eman diote omenaldiari. Le Vernet herri txikiko jendeak ere parte hartu du; izan ere, elkartasun handia agertu zuten, ezbeharra jazo zenean eta ondorengo egunetan.

Laurogei lagun, istripuaren toki zehatzean

Hamar autobusek baino gehiagok eraman dituzte familiak Marseillatik (Frantziako hegoaldean dago, eta atzo omenaldia egin zuten bertan ere) Le Vernetera. Azkenean, aldiz, laurogei bat lagunek izango dute aukera istripuaren toki zehatzera oinez joateko; izan ere, baso-bidea da, eta egoera txarrean dago orain, azken egunetako euriaren ondorioz.

Lore-koroa utziko dute ezbeharraren puntuan. Talka nahita eragin zuen Andreas Lubitz pilotu alemaniarrak; hegazkina lurrera zuzendu zuen, apropos, aginte-kabinan sartu ondoren.

Bertako 19:00etan (GMT 18:00etan), biktimen familiakoak Marseillara bueltatuko dira, gerora euren herrialdeetara joateko. Gehienak, espainiarrak eta alemaniarrak dira.

Biktimen familiako eta gertukoek eskatu dute omenaldi-ekitaldiaren irudirik ez hartzeko. Horrela zehaztu zuen Bernard Guerin, Alpes-de-Haute-Provenceko departamentuko prefektuak, prentsaurrekoan.

Omenaldia, atzo, Bartzelonan

Lehen urteurrenaren bezperan, Bartzelonako El Prat aireportuan ere omenaldia egin zieten atzo biktimei. Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak hartu zuten parte horretan.

Ekitaldi horretan, GWI 9525 Hegaldiko Kaltetuen Elkarteak nabarmendu zuen zaindu behar direla segurtasun-neurriak, hau bezalako istripurik berriro ez gertatzeko: "Tamalez, segurtasun-neurriek huts egin zuten", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Hegazkin istripuak