Mundua -
BRUSELAKO ATENTATUAK
Bruselako aireportua itxita egongo da astelehenera arte, behintzat
Aireportuko iturriek azaldu dutenez, ez dago zehazterik oraindik noiz irekiko duten berriro Brusela-Zaventem.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zaventemgo aireportua, Bruselan, itxita egongo da, gutxienez, astelehenera arte. Twitterren aireportuko iturriek jakitera eman dutenez, aire-linea komertzialen operazioek bertan behera jarraituko dute igandera arte, egun hori barne (martxoaren 27ra arte), eta eskatu die bidaiariei euren konpainiekin harremanetan jar daitezela, informazioa eskuratzeko.
Bozeramaile batek Eferi esan dionez, ez dago aurreratzerik noiz iragarriko duten Belgikako aireportu nagusiaren irekiera. Egunero, 600 bat hegaldi eta 50.000-60.000 bidaiari izaten ditu, normalean.
Bozeramaileak azaldu du polizia zientifikoak leherketa bikoitza jazo zen tokian jarraitzen duela lanean, eta, hortaz, Brusela-Zaventemeko langileak ere ezin izan dira sartu eraikinak pairatutako kalteak ebaluatzeko. Ebaluazio hori "gakoa" da jarduera noiz berreskuratu den zehazteko.
Atzotik, ordea, Brusela-Zaventemek jaso ditu karga-hegazkinak eta hegazkin pribatuak.
Beste herrialde batzuetara eraman dituzte hainbat eragiketa
Normalean bertan lan egiten duten konpainiek beste aireportu batzuetara eraman dituzte haien eragiketako batzuk (batez ere, Charleroira, Liejara eta Anberesera), baita atzerriko hainbat aireportutara ere.
Brussels Airlinesek, esate baterako, 44 hegaldi zituen aurreikusita gaurko Liejan, eta 20 Anberesen. Zaventemen dauden konpainiaren artean, nagusiena da Brussels Airlines.
Atzo, Bruselara joan behar ziren Brussels Airlineseko bost hegaldik Zurichen hartu zuten lur, Suitzan.
Bilbotik hegaldiak
Bilboko aireportutik Bruselara aurreikusita zeuden hegaldiak desbideratu egin dituzte. Aurreikusitako lau hegaldiak Liejako eta Charleroiko aireportuetara desbideratu dituzte, hegazkin-konpainiek jakitera eman dutenez.
Gasteiztik irtetekoa zen hegaldia ere desbideratu egin dute. Bestalde, atentatuen egunean bertan behera utzi zituzten Iruñetik gaur irtetekoak ziren bi hegaldiak.