Mundua -

Belgika

11 lagun hil dira Bruselako aireportuan izandako atentatu batean

Horrez gain, 35 lagun zauritu dira. Zaventem aireportuko irteerako hallean bi leherketa izan dira.

Dozenaka hildako Bruselako aireportuko leherketetan

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

11 lagun hil eta beste 35 zauritu dira astearte honetan Bruselako Zaventem aireportuan izandako atentatu suizida batean, Belgikako Fiskaltzak baieztatu duenez.

Elkarren segidako bi eztanda izan dira aireportuko irteeren hallean, iturrion arabera. Aireportua erabat hustu dute.

Belgikak alerta maila gorenera (4. mailara) igo du herrialde osoan. Leherketak jazo eta gutxira izandako krisialdi mahaiak dauden lekuan geratzeko eskatu die herritarrei.

Hauek dira Bruselatik heldutako lehen irudiak:

 

 

 

"Ez etorri aireportu ingurura"

"Bi leherketa izan dira aireportuan. Eraikina hustu egin dugu. Ez etorri aireportu ingurura", zabaldu du Zaventem aireportuak Twitter bidez.

Belgocontrol erakundearen arabera, zain zeuden hegazkinei lur hartzen utzi diete, baina gainerako hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte. Aireportutik gertu dagoen tren-geltokia ere itxi egin dute.

Jan Jambon Belgikako Barne ministroaren bozeramaile batek Le Soir egunkariari esan dionez, orain lehentasuna "biktimak eta segurtasuna" dira.

08:00ak inguruan izan da lehen eztanda, irteeren hallean. "Leherketa izan da aireportuan. Larrialdi plana, martxan", esan dio Rudi Vervoort Brusela eskualdeko presidenteak RTL kateari.

"Erregistroa egiteko zain nengoela, eztanda bat entzun dut. Kea ikusi dut, eta jendea korrika. Handik gutxira, beste leherketa bat izan da, hurbilago", kontatu du lekuko batek. "Beldurra nagusitu da aireportuan. Jendeak maletak utzi ditu", erantsi du.

Lekukoen arabera, hainbat tiro eta arabieraz egindako oihuak entzun dira leherketak gertatu baino lehen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Brusela Belgika bideoak Gaurko azken ordukoa