Mundua -
Bidaia ofiziala
Kuba Obamaren zain, adiskidetzeko beste pauso baten atarian
Ameriketako Estatu Batuetako presidente batek 88 urtean Kubara egiten duen lehen bidaia ofiziala izango da.
agentziak | erredakzioa
Kuba prest dago Barack Obama jasotzeko, bost hamarkadaz aurrez aurre egon diren bi herrialdeen arteko adiskidetzearen aldeko apustua egin duen AEBko presidentearen zain.
Obama gaur iritsiko da Jose Marti Nazioarteko Aireportura, emaztearekin batera. Litekeena da gaur bertan presidente estatubatuarrak Habana zaharrean paseo bat ematea, Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak azaldu duenez. Dena dela, bihar izango dira ekitaldi publiko nagusiak.
Ameriketako Estatu Batuetako presidente batek 88 urtean Kubara egiten duen lehen bidaia ofiziala izango da. Azkena Calvin Coolidge errepublikanoa izan zen, eta beste presidenterik ez da bertan izan ordutik, are gutxiago Iraultza castristak 1959an garaipena lortu eta bi herrialdeen arteko gatazkak gora egin zuenetik.
Kubarekin harremanak berrezarriko zituela iragarri eta bost hilabetera, eta enbaxadak ireki eta zortzira, Obama oraindik komunista den irlara joango da. Baina Karibeko irla arlo ekonomikoa eta soziala "berritzeko" prozesuan dago murgilduta, eta AEB "etsaia" izatetik bidelagun izateko prozesuan murgiltzeko bidean dago.
Kubatar gehienek ezin zuten pentsatu ere egin duela urte eta erdi datozen egunetan ikusiko dutena ikusiko dutela: AEBko presidentea emaztearekin eta alabekin Habanako aireportuan lur hartzen; Habana Zaharrean paseatzen; eta Latinon baseball partidu bat ikusten.
Obama eta Raul Castro presidente kubatarra hirutan elkartu badira ere, datorren astelehenean Iraultzaren Jauregian bilduko dira, Jose Martinen monumentua eta Che Guevararen irudia hartzen dituen plaza ezagunean, Fidel Castroren hitzaldi luze eta yankien kontrakoak hartu dituen lekuan.
Bisitaren une garrantzitsuenetako bat, hala ere, Habanako Antzokian izango da. Bertan, Obama kubatarrei zuzenduko zaie, telebista publiko bidez zuzenean emango duten hitzaldi batean.
Obamaren bisita gertakizun garrantzitsua eta sinbolismoz betea izango da harremanetan etapa berri bat abian jartzeko, eta kubatarrek orokorrean gogo onez hartu dute, nahiz eta eszeptiko asko dagoen blokeo ekonomikoarekin zer gertatuko den ez dakitelako.
Obamak Kubako umore saio batean parte hartu du
Obamak Kubako umore saio batean parte hartu du. ‘Panfilo’ izeneko umoristaren saioan telefono bidez elkarrizketa bat irudikatu dute, eta Obamak hitz batzuk egin ditu espainolez.
Starwood
Starwood talde estatubatuarrak Habanako bi hotel kudeatzeko lehenengo akordioa egin du Kubarekin, AEBko presidentearen bisita historikoaren bezperan.
Kuban AEBko hotel enpresa batek egin duen lehenengo aldebiko akordioa da 1959tik, Altxorraren Departamentuak Starwoodi Kuban inbertitzeko baimena eman ostean. Era berean, beste hotel batean inbertitzeko asmoa agertzeko gutuna sinatu dute.