Mundua -

Parisko atentatuak

Salah Abdeslamek uko egingo dio Frantziara estraditatua izateari

Parisko atentatuetan parte hartu zuen ustezko jihadista Belgikako Justiziarekin kolaboratzen ari dela esan du haren abokatuak.

Salah Abdeslam atxilotu zuteneko unea. Argazkia: EiTB
Salah Abdeslam atxilotu zuteneko unea. Argazkia: EiTB
Salah Abdeslam atxilotu zuteneko unea. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salah Abdeslam azaroaren 13ko Parisko atentatuen ustezko buruzagi logistikoak uko egingo dio Belgikatik Frantziara estraditatua izateari, Sven Mary haren abokatuak gaur iragarri duenez. Belgikako Poliziak atzo atxilotu zuen Salah Abdeslam jihadista, Bruselako Molenbeek barrutian abiatutako operazio zabal batean. Halaber, sarekada berean atxilotu zituzten.

Ustezko jihadistak instrukzio epailearen aurrean agerraldia egin du gaur 12:30ean, eta epaileak haren kontra dauden karguak aurkeztu ditu. Dena den, arratsaldean letratu horren aurrean azaldu beharko du berriz ere, estradizio eskariaren harira.

François Hollande presidente frantziarrak ostiralean iragarri zuenez, haren Gobernuak Abdelasm Frantziara estraditatzea eskatuko du eta Belgikako agintariek "ahalik eta azkarren" erantzungo dutenaren itxaropena agertu zuen.

Koen Geens Belgikako Justizia ministroa, ostera, Salah Abdeslam Frantziara estraditatzearen alde agertu  zen. "Gertaera larrienak Frantzian gertatu ziren. Beraz, normala da estraditatua izatea", esan zuen. Are gehiago, estradizioa "formalitate" kontua baino ez zela adierazi zuen.

Hala ere, Salah Abdeslamek estradizioari uko egingo diola esan du gaur haren abokatuak. "Nire bezeroa Belgikako Justiziarekin kolaboratzen ari da eta azaroaren 13an Parisen zegoela aitortu du", esan du Maryk.

Gainerako lau atxilotuei dagokienez, Amine Choukrik atxilotuta jarraitzen du. Epaileak askatasuna ukatu dio Abid Aberkan atxilotuari, talde terrorista baten jardueratan parte hartzea eta gaizkileak babestea leporatuta. Djemilari gaizkileei babesa ematea egozten dio epaileak, baina aske utzi du. Bestalde epaileak kargurik gabe aske utzi du Sihane Aberkan.

Bost atxilotuak gaur igaro dira instrukzioko epailearen aurretik. Bestalde, hilketa terroristak eta talde terrorista baten jardueratan parte hartzea egotzi diete Abdeslam eta Choukri atxilotuei, Belgikako Fiskaltzak gaur berri eman duenez.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Zer gertatu da Parisen? Belgika bideoak Frantzia albisteak Atentatuak albisteak François Hollande argazkiak Gaurko azken orduko albistea