Mundua -
Iruzkina
Obamak arma nuklearren mehatxua murriztu du
AEBetako presidenteak erabaki du joan den urtean eman zioten Bakearen Nobel Saria irabazten hasi behar duela.
Jesus Torquemada
Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak erabaki du joan den urtean eman zioten Bakearen Nobel Saria irabazten hasi behar duela. Horretarako, gai ikusgarri bati heldu dio: arma nuklearrei.
Atzo iragarri zuen aldatu egingo dela AEBetako estrategia nuklearra eta bihar Pragan elkarrizketatuko da Dimitri Medvedev Errusiako presidentearekin armategi nuklearrak murrizteko akordio bat sinatzeko. Astelehenean berriz, anfitrioi izango da segurtasun nuklearrari buruzko goi-bileran, Washingtonen.
Aurki beteko da urtebete Obamak, Txekiako hiriburuan bertan, bere helburua arma nuklearrik gabeko mundua zela esan zuenetik. Argi dago hori ez duela lortuko ez berak, ez beste inork belaunaldi honetan, baina gutxienez hasi da urratsak ematen mehatxu nuklearra gutxitzeko.
Atzo iragarritako estrategia berriak bi puntu deigarri ditu, ez dakarte iraultzarik, baina aldaketa dakarte Bushek ezarritakoaren aldean. Lehen puntua: AEBek hitz ematen dute ez dutela arma nuklearrik erabiliko horrelakorik ez duten herrialdeen kontra; hori bai, baldin eta Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna betetzen badute. Iranek eta Ipar Koreak ez dute tratatu hori betetzen, beraz, baldintza horrek ez ditu babestuko. Bigarren puntua: AEBek ez dute garatuko mota berriko buru nuklearrik, nahikoa du-eta dauzkanekin. Horrek, berekin dakar Errusiarekiko lasterketa nuklearra, gerra hotzaren garaian hain hedatua, amaieratik gertu egon litekeela orain.