Mundua -
Eskandalua Brasilen
Rousseffek Lulari: 'Erabil ezazu akta hau behar duzunean'
Brasilgo presidenteak Lula da Silvarekin izandako telefono elkarrizketa baten grabazioak agerian utzi du Rousseffek atxiloketa saihestu nahi zuela.
Agentziak | Erredakzioa
Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak Luiz Inacio Lula da Silva aurreko presidente eta aita ponteko politikoa atxilotzea saihestu nahi izan zuen, bien arteko telefono elkarrizketa batean agerian geratu denez. Elkarrizketok Poliziak grabatu zituen, Justiziak baimenduta, eta Petrobras auzia ikertzen ari den epaileak grabazioa zabaltzeko baimena eman zuen atzo.
Elkarrizketan honakoa esaten dio Rousseffek Lulari: "Erabil ezazu akta hau behar duzunean". Clarín Argentinako egunkariak kaleratu du grabazioa.
Ikertzaileen arabera, elkarrizketak agerian uzten du biak kezkatuta zaudela Lula atxilotzeko aukerarekin, Presidentetza ministro izendatu baino lehen. Ministro denetik, babestuta dago, eta Auzitegi Gorenak bakarrik epai dezake.
Grabazioek hankaz gora jarri dute berez nahikoa nahasi zegoen Brasilgo egoera politikoa. Alderdi Errepublikanoak iragarri duenez, koalizio gobernutik aterako da. Ganberak gaur bertan abiatuko ditu Rousseff ikertzeko izapideak. Oposizioak presidentearen dimisioa eskatu du, eta kaleak manifestariz bete dira.
Beste grabazio bat kaleratzeko baimena ere eman du epaileak. Bertan, Lula ministro batekin ari da hizketan, eta Rousseff konbentzitzeko eskatzen dio, presidenteak Auzitegi Goreneko epaile batekin hitz egin dezan, eta honek bere abokatuen eskaera onar dezan.
Manifestazio jendetsuak
Milaka lagun atera dira kalera Rousseffen dimisioa eta Lula atxilotzea eskatzeko. Sao Paolon, esate baterako, 4.000 manifestari bildu dira, ordu gutxi batzuk lehenago egindako deialdi bati jarraiki.
Brasilgo beste hainbat hiri eta herritan ere, lapiko-protestak egin dituzte egoera salatzeko.
Manifestari talde bat, Rousseffen kontrako pankartekin, Sao Paolon. EFE