Mundua -
Errefuxiatuak
Espainia: 'Errefuxiatuei buruzko Turkiaren proposamena onartezina da’
Espainiako jarduneko Atzerri ministroak azaldu duenez, Gobernuak baztertu egingo ditu errefuxiatuen kanporatzeko kolektiboak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako jarduneko Atzerri ministroak gaur Bruselan adierazi duenez, Europar Batasunak eta Turkiak asilo eskatzaileen inguruan adostutako aurreakordioa onartezina da. Halaber, Gobernuak errefuxiatuen kaleratze kolektiboak baztertu egingo dituela esan du.
"Lehen unetik eta Gobernuaren ikuspuntutik, proposamen onartezina iruditu zitzaigun", adierazi du Garcia-Margallok Europar Batasuneko Atzerri ministroen kontseilura iritsi berritan.
Gobernua errefuxiatuen kaleratze kolektiboen kontra dagoela azpimarratu ostean, banan-banako tratamendua aldarrikatu du Garcia-Margallok. Halaber, errefuxiatuen gaia konpondu arte deportazioak bertan behera uzteko eskatu du. Dena dela ere, deportazioaren bat egitekotan "bermeak" eskatu ditu errefuxiatuak babesteko.
Espainiako jarduneko Atzerri ministroak nabarmendu duenez, hilaren 7ko goi-bileran ez zen akordiorik egon, "deklarazio sinple bat" baizik.
Hilaren 7ko goi-bileran, Turkia Greziara iristen diren etorkizunak eta asilo eskatzaileak hartzeko prest agertu zen hainbat eskariren truke; tartean, Europar Batasunarekiko bisatuen prozesua bizkortzea, Europar Batasunean sartzeko bidea irekitzea eta 3.000 milioi euroko laguntza jasotzea.
Ostegunean eta ostiralean Europar Batasuneko herrialdeetako buruzagiek bilera egingo dute Bruselan Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin akordioa ixten saiatzeko.