Mundua -
MISIO ESPAZIALA
ExoMars 2016 misioa, Martera bidean
Arazorik gabe egin dute jaurtiketa 10:30 inguruan. Aurreikuspenen arabera, eta ondo bideaz, urrian iritsiko da Matera Proton-M suziria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ExoMars 2016 misioa Martera bidean da. Europako Espazio Agentziak (ESA) eta Roscosmos agentzia errusiarrak elkarlanean abian jarritako misioa da, planeta gorria ikertzeko helburuarekin. Errusiako Baikonur (Kazajistan) kosmodromotik jaurti dute Proton-M suziria, gaur goizean.
"Martera bidean gara. Bikain.", esan du Jan Woerner ESAko zuzendari nagusiak, jaurtiketa izan eta berehala. Twitter bidez zabaldu dute jaurtiketaren unea.
10:30 inguruan izan da jaurtiketa, eta ondo bidean, urrian iritsiko da Martera Proton-M suziria. ESAk jakitera eman duenez, bitan zatituko da suziria, eta hortik ateratako kapsula bakoitzak zeregin jakin bat izango du. Trace Gas Orbiter sateliteak, esaterako, Marteko atmosferako gasak aztertuko ditu. Schiaparelli kapsulak, berriz, Marteko gainazalean lur hartuko du, eta hemendik bi urtera jaurti asmo duten ExoMars 2018 suziriaren lur-hartze eremua teknologikoki prestatzea izango da bere egitekoa.
2000. urtean hasi ziren gaur abian jarritako misioa prestatzen zientzialari errusiarrak eta europarrak. Horien arabera, suziria Martera iristen denean, Lurraren eta planeta gorriaren arteko distantzia 145 milioi kilometrokoa izango da.
Dena dela, jaurtiketa izan denetik bederatzi ordura jakingo da, zehatz, suziria ondo bideratu den ala ez. Suziriaren goiko ontziak lehen seinaleak arratsaldeko 19:00ak aldera bidali beharko ditu Lurrera.
Ondoren, hurrengo seinalea, Martera iristen denean bidaliko du: Schiaparelli zunda botako du planeta gorriko lurrera, bertako ezaugarriak aztertzea xede izango duena.