Mundua -
Bake negoziazioak
Siria trantsizio politikoaren bidean jartzeko saiakera gaur, Genevan
Otsailaren 3ko bilerak kale egin ostean, Siriako gobernuak eta oposizioak bake negoziazioak berrabiaraziko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako bake negoziazioek bigarren aukera bat dute gaur Genevan, berriz bilduko baitira gobernua eta oposizioa, NBE bitartekari dutela. Helburua lehenbailehen trantsizio politiko bat abiatzea da. Prozedura gaiak alde batera utzi nahi ditu NBEk, aurreko bilerak, otsailaren 3koak, horregatik egin baitzuen kale.
Staffan De Mistura Siriarako NBEn bidali bereziak zuzenduko du batzarra (Euskal Herrian 11:00ak direnean abiatuko da). Lehen batzarra bertan behera utzi zenetik sei aste igaro dira, eta aldeen arteko jarrerak ez dira asko hurbildu, batez ere Baxar al-Asadek izan behar lukeen paperaren harira. Bilera amaitutakoan, prentsaurrekoa eskainiko du De Misturak.
Otsaileko hitzordu hartan bezala, aldeen ordezkariak joango ote diren ziurgabetasuna erabatekoa izan da oraingo honetan ere. Gaurko batzarrak karga sinboliko berezia du, 2011ko martxoaren 15ean, duela bost urte ia, lehertu baitzen gerra Sirian. Gobernuaren kontrako grafiti batzuk egitearren gazte talde bat atxilotu eta torturatu zuen Poliziak, eta horren kontra altxatu ziren milaka herritar.
Ordudanik 300.000 lagun hil dira, eta biztanleriaren % 11k borroka eta bonbardaketek utzitako zauriak edota desgaitasunen bat dute. Gainera, biztanleriaren erdiak herrialdetik ihes egin dute.
AEB eta Errusia
Ezkor eta ohartarazpen ugari eginda agertu da De Mistura bileraren atarikora. Kazetariei esan dienez, bi aldeek negoziazioetan aurrera egiten ez badute potentzia aliatuengana joko du, alegia, AEB eta Errusia.
"Negoziatzeko borondaterik ikusten ez badugu, auzia AEBen eta Errusiaren esku utziko dugu berriro", ohartarazi du.
De Misturaren hitzetan, negoziaziook izorratzeko saiakerak egongo dira. "Erasoak espero ditugu eta bi aldeek marra gorriak aipatuko dituzte, baina unea iritsi da, aukera hau aprobetxatu beharra dago", azpimarratu du.