Mundua -
AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Cruz eta Sanders suspertuta atera dira 'larunbat handitik'
Demokraten artean, Bernie Sanders jokoan zeuden hiru estatuetatik bitan nagusitu da. Bestalde, errepublikanoen lehian bina estatutan irabazi dute Trumpek eta Cruzek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martxoaren 1eko "astearte handia"ren ondotik, Donald Trump errepublikanoa eta Hillary Clinton demokrata dira Etxe Zurirako bidean alderdi bakoitzeko hautagai izateko faborito nagusiak.
Dena den, atzo ospatutako "larunbat handian" hiru hautaketa prozesu izan dituzte demokratek eta lau, berriz, errepublikanoek. Ted Cruz eta Bernie Sanders suspertuta atera dira atzoko lehiatik. Demokraten artean, Bernie Sanders jokoan zeuden hiru estatuetatik bitan nagusitu da eta hirugarrenean Clinton izan da garaile. Bestalde, errepublikanoen lehian bina estatutan irabazi dute Trumpek eta Cruzek.
Alderdi Demokrataren baitan, Clinton Louisianan gailendu da botoen % 71 lortuta. Bien bitartean, Sandersek Nebraskako eta Kansaseko 'caucus'ak irabazi ditu, hurrenez hurren, botoen % 57 eta % 69 eskuratuta.
Bi garaipen erdietsita ere, Sandersek zazpi estatutan irabazi du eta Clintonek, ostera, hamabitan.
Alderdi errepublikanoaren baitan, Trumpek lau estatutatik bitan irabazi du: Kentuckyn eta Louisianan. Bien bitartean, haren aurkari zuzena den Ted Cruz errepublikanoak Mainen eta Kansasen garaipena lortu du.
"Larunbat handia"ren ondotik, Marco Rubiok ez du errepublikanoen artean jokoan zeuden lau estatuetako inon nagusitzerik lortu, eta Trumpek Etxe Zurirako lehiatik erretiratu beharko lukeela esan dio.