Mundua -

Sarkozyrekin bildu ostean

Iranen aurkako zigorrak laster prest izatea espero du Obamak

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan, zigorrak "udaberrian" onartzea eta ezartzea espero duela adierazi du AEBetako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek bere programa nuklearrarekin jarraitzea ekiditeko inoiz baino batasun handiagoa dago orain nazioartean, Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan. Horrela, zigor berriak "aste batzuen buruan" prest izatea espero du Obamak.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan, Teheranen kontrako zigor berriak "udaberrian" onartzea eta ezartzea espero duela adierazi du Obamak, eta "hilabeteak ez, asteen kontua" dela gaineratu du.

Bestalde, Obamak azaldutako ausardiarekin pozik agertu da Frantziako agintaria eta Iranek arma nuklearrak lortzeko "lasterketa zoroarekin jarraitzerik" ez duela adierazi du.

Bi buruzagien adierazpenak alde batera utzita, Irani jarri beharreko zigorrak ez dituzte aipatu ere egin G8ko herrialdeek Ottawan eta "neurri apropos eta indartsuak" hartu behar dituztela esan dute soilik.

Frantzia y AEB, baturik

Hala ere, Teheranen kontrako zigorren gaian "Frantzia eta AEB baturik eta bereizezinak" direla azpimarratu du Obamak.

Bien bitartean, "erabakiak hartzeko ordua" dela adierazi du Sarkozyk, eta Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroak, Angela Merkel Alemaniako kantzelariak eta berak, "Europak zigor erregimena babes dezan beharrezko ahaleginak egingo" dituztela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea