Mundua -
Migrazio krisia Europan
Europar Batasunak errefuxiatuen krisia konpondu gabe jarraitzen du
Europako Barne ministroen bilera berriro amaitu da akordiorik gabe eta agerian geratu da EB zatituta dagoela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Migrazio krisiari soluzioa emateko asmoz Europar Batasuneko Barne ministroek egindako bilera tentsio handikoa izan da, Austriak eta Greziak bizi duten liskarraren ondorioz, eta, beste behin, akordiorik gabe amaitu da. Datorren martxoaren 7an beste goi-bilera bat egingo dute Turkian.
“Datozen hamar egunetan emaitza zehatzak behar ditugu, bestela sistema kolapsatzeko arriskuan egongo gara”, ohartarazi du Dimistris Avramopulos Europako Migrazio eta Barne komisarioak.
Martxoaren 7ko batzarrean, besteak beste, 3.000 milioi euroren truke EBk eta Turkiak errefuxiatuen uholdea gelditzeko adostutako plana aztertuko dute.
Lehendabizi lan-bilera egin dute migrazioa arazoa gehien sufritzen ari diren herrialdeek eta ondoren osoko bilkura izan da. Saioan tentsio-uneak izan dira, batez ere Austriako eta Greziako agintarien artean.
Johanna Mikl-Leitner Austriako Barne ministroak esan du Greziak bere muga behar bezala kontrolatuko balu, Austriak ez lituzkeela aldebakarreko neurriak hartuko.
Ioannis Mouzalas Migrazio Politikarako ministro greziarrak, haserre, Barne ministro austriarrari gogoratu dio bere kideak greziarrak eta Europar Batasuneko herrialde guztiak direla.
“Ez gaude ados aldebakarreko neurriekin eta hemen entzun ditugunak entzunda, Estatu askok pentsatzen dute gauza bera”, esan du Filippo Grandi Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatuen krisirako duen mandatariak.
“Aldebakarreko neurriak koordinaziorik gabe aplikatuta, kaosa eragiten da eta horrek ez du ahalbidetuko errefuxiatuen beharrizanak asetzea”, erantsi du.
Txiprek eta Italiak ere Greziaren alde egin dute, haren haserrea ulertzen dutela iritzita, eta orain arte adostutako neurriak betetzeko exijitu dute. Luxenburgo, Belgika eta Frantzia, berriz, Austria eta Greziaren arteko harreman bideratzen saiatu dira.
Bestalde, Greziatik eta Italiatik heltzen diren errefuxiatuak EBko beste herrialde batzuetara bidaltzeko erabakiaren inguruan Hungariak iragarritako erreferenduma eta Belgikak mugan jarritako kontrolguneen gaia ez dituzte aztertu.