Mundua -

Xiitak jomuga

140 pertsona baino gehiago hil dituzte sei erasotan, Sirian

Lehergailuekin sei atentatu egin ditu Estatu Islamikoak Homsen eta Damaskon. Sirian su-etena ezartzeko, “behin behineko akordio” bat iragarri du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egun berean.

200 lagunetik gora zauritu dira atentatuetan. Argazkia: EFE
200 lagunetik gora zauritu dira atentatuetan. Argazkia: EFE
200 lagunetik gora zauritu dira atentatuetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehergailuekin sei atentatu egin ditu Estatu Islamikoak Homsen eta Damaskon. Erasoetan 140 pertsona baino gehiago hil dituzte jihadistek. Xiitak izan dira terroristen jomuga. Sirian su-etena ezartzeko, “behin behineko akordio” bat iragarri du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egun berean.

Gutxienez 83 pertsona hil eta 200 lagunetik gora zauritu dira Damaskon (Siriako hiriburuan) izandako lau leherketatan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) zehaztu duenez, leherketetako bi suizidek eragindakoak izan dira, eta hirugarrena bonba autoz egindakoa izan da. GKEko iturrien esanetan, zaurietako asko larri daude eta, beraz, litekeena da hildakoen kopuruak gora egitea datozen orduetan.

Bestalde, segurtasun indarrek bi lagun atxilotu dituzte, eraso terroristak koordinatzea leporatuta, Sputnik albiste-agentzia errusiarrak jakinarazi duenez.

Erasoa Damasco hiriburuko Sayida Zeinaben gertatu da, xiitak nagusi diren gunean eta meskita batetik oso gertu.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatuaren erantzukizuna, Amaq albiste-agentziak zabaldu duenez.

Atentatu bikoitza

Bestalde, bi bonba-autorekin egindako eraso bikoitzak 57 pertsona hil ditu Homseko Al Zahraa auzoan, hiriko erdigunean, Behatokiaren arabera.

Herritar gehienak alauiak dira hiriko erdigunean. 39 zibil hil dituzte erasoetan, gobernuz kanpoko erakundeak erantsi duenez. Hala ere, gainerako hildakoak Siriako erregimenaren milizietako kideak diren ez du argitu.

SANA albiste-agentziak hildakoen kopurua (34) murriztu du Tala al Barazi Homseko gobernadorearen hitzak aipatuz.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoen erantzukizuna agiri batean.

“Bi zaldizko bi auto-bonbekin talde apostatak izan dituzte jomuga Homseko Al Zahraa auzoko 60 kalean”, jakinarazi dute jihadistek agirian. Leherketetan gutxienez 90 pertsona hil eta 150 zauritu dituztela azaldu dute.

Bestalde, gutxienez 50 jihadista hil dituzte azken orduetan, Bachar al Asaden erregimenak egindako bonbardaketetan eta erasoetan, Alepon.

Alepo eta Al Raqa lotzen dituen errepidean egin dituzte erasoak, Behatokiak gaineratu duenez.

Nazio Batuen Erakundeko datuen arabera, azken bost urteetako gerran 260.000 siriar hil dira, eta 12 milioi siriarrek, tartean 5.500.000 haurrek, berehalako laguntza humanitarioa behar dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Atentatuak argazkiak Gaurko azken ordukoa Siria albisteak gaur