Mundua -
Siriako gerra
Gutxienez 46 pertsona hil dira Sirian izandako bi atentatutan
Gainera, 100 lagun baino gehiago zauritu dira. Antza denez, erasotzaileek lehergailuz betetako bi ibilgailu baliatu dituzte atentatuak egiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 46 pertsona hil eta dozenaka lagun zauritu dira Siriako Homs hirian izandako bi atentatutan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak berri eman duenez.
Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ohar bidez adierazi duenez, erasotzaileek lehergailuz betetako bi ibilgailu baliatu dituzte atentatuak egiteko. Erasoa Al Zahraan gertatu da, gutxiengo alauia bizi den auzoan.
Halaber, gutxienez, hildakoetako 28 zibilak direla baieztatu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Momentuz, ez dakite gainerako hildakoak zibilak edota erregimenaren aldeko milizietako kideak diren.
Bestalde, Sana Siriako albiste agentzia ofizialaren esanetan, gutxienez 25 dira Homseko bi atentatutan hildakoak.
Dena den, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak ez du baztertzen hildakoen kopuruak gora egitea; izan ere, zaurituetako asko larri daude.
Sirian duela bost urte gerra hasi zenetik 260.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, GKEren arabera.