Mundua -
Erresuma Batua
David Cameronek ekainaren 23rako iragarri du EBri buruzko galdeketa
Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izaten jarraitzea aholkatu du, aho batez, Ministro Kontseiluak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuak ekainaren 23an egingo du Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gaur iragarri duenez.
"Herritarrek Europaren inguruko erabakia har dezaten ekainaren 23an, osteguna, erreferenduma egitea proposatuko diot Parlamentuari", azaldu du lehen ministroak. "Gure bizitzetako bozketa garrantzitsuenetako baten aurrean gaude", nabarmendu du Cameronek.
Hala iragarri du David Cameronek, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak lorturiko adostasunaz haren gobernuko kideekin egindako bileraren ondotik.
Cameronek jakinarazi duenez, Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izaten jarraitzea aholkatu du, aho batez, Ministroen Kontseiluak. Izan ere, Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitzearen aldeko kanpaina egitea hitz eman zuen Cameronek erreformen truke.
Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko akordioa
Europar Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak ados jarri ziren atzo, Erresuma Batuak estatus berria izan dezan komunitate horren baitan. Trukean, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Europar Batasunean jarraitzearen aldeko kanpaina egingo du. Ituna ez da indarrean sartuko Erresuma Batuak erreferenduma egin eta Europar Batasunean jarraitzeko borondatea agertu arte.
Estatus berriari esker, Londresko Gobernuak eskumen gehiago izango ditu; esate baterako, Erresuma Batuan lan egiten duten etorkin europarrei soldata-osagarriak kendu ahal izango dizkie, zazpi urtez jarraian.
Gainera, behargin komunitarioei seme-alabak izateagatik emandako laguntzak mugatu ahal izango dituzte, adingabea Erresuma Batuan bizi ez bada. Neurri honek ez du atzeraeraginezko izaera izango. Iritsi berriei aplikatuko zaie, eta, 2020. urtetik aurrera, baita bertan bizi direnei ere.