Mundua -

Elkarrizketa

'Ez dago errefuxiatu olderik eta EBk guztiei eman diezaieke asiloa'

Hala ziurtatu du Sergio Carrera CEPS Europako Politika Ikertzeko Bruselako zentroko ikertzaileak.

Sergio Carrera CEPSeko ikerlaria. Argazkia: EFE
Sergio Carrera CEPSeko ikerlaria. Argazkia: EFE
Sergio Carrera CEPSeko ikerlaria. Argazkia: EFE

EFE | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko kideek Europara iristen diren errefuxiatu guztiei babesa eta asiloa emateko gaitasuna dute, baina Gobernuek asilo eskaerak ukatu egiten dituzte beraien barne intereserako kaltegarriak direla iritzita. Hala ziurtatu du Sergio Carrera CEPS Europako Politika Ikertzeko Bruselako zentroko ikertzaileak.

Carreraren esanetan, "ez da egia errefuxiatu oldea gertatzen ari denik; datuak eskuan, antzeman daiteke kopurua ez dela neurriz kanpokoa. Krisi politikoa da, ez migrazio krisia".

Atzerri eta asilo politikei buruzko batzarra egin da aste honetan Bilbon eta Carrera ikertzaileak parte hartu du, beste hainbat adituren artean. Testuinguru horretan, Europako erakundeek krisi horretan izan duten rola kritikatu du; izan ere, "datuetan oinarrituta", errefuxiatuen iritsierari buruzko "eztabaida objektibo, arrazional eta lasaia" bultzatu beharko luketela uste du.

Halaber, EBko estatuek Giza Eskubideen Europako Konbentziotik eta Errefuxiatuei buruzko Genevako Konbentziotik eratorritako "betebeharrak" betetzen dituztela egiaztatu beharko lukete.

"Gobernuek agenda nazionalistekin eta populistekin jokatzen dute. Giza eskubideak ez dira negoziagarriak eta pilota ezin da beste herrialde batzuen teilatuan utzi, Turki kasu", azaldu du. Gaineratu duenez, Europar Batasuneko kide izateko "nahitaezkoa" da giza eskubideak errespetatzea.

Bestalde, gobernu horiek gerratik ihesi dabiltzanei babesa emateko duten "ezintasun politikoa" salatu du. "Bakoitzak etxe barrura begiratzen du eta immigrazioarekiko eta asilo politikarekiko jarrera irekiegia izateak herrialde barruan izan dezakeen eraginari", gaineratu du.

"Etika politiko kontua da, izan ere, pertsona horiek ez datoz nahi dutelako Europara, egoera eutsiezin batetik ihesi baizik", gaineratu du.

"Dublin" izenez ezaguna den sistema aldatzearen alde mintzatu da. Horren arabera, asilo eskaerak aztertzeko erantzukizuna errefuxiatua lehendabizi iristen den Europar Batasuneko herrialdeari dagokio. Horrenbestez, Carreraren esanetan, Grezia, Italia, Hungaria edota Txekiar Errepublikaren eta Schengen espazioaren mugetan dauden herrialdeen esku uzten da errefuxiatu guztien "erantzukizuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan albisteak