Mundua -

Ipar Korea

NBEren Segurtasun Kontseiluak Ipar Korearen jaurtiketa gaitzetsi du

Halaber, 'neurri garrantzitsuak' iragarri ditu eta litekeena da Ipar Koreari zigor berriak jartzea.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua. Argazkia: EFE
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua. Argazkia: EFE
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreak egindako jaurtiketa gaitzetsi du, Segurtasun Kontseiluaren hainbat ebazpen urratzen dituela argudiatuta. Atzo egindako premiazko bilera batean egin zuen gaitzespena.

"Segurtasun Kontseiluko kideek premiazko bilera egin dute Ipar Koreak jaurtitako misilaren ondotik sortutako egoera larria aztertzeko. Segurtasun Kontseiluko kideek irmoki gaitzetsi dute jaurtiketa hori", Segurtasun Kontseiluak igande honetan adostutako adierazpenak dioenez.

Ipar Korearen lekukotzaren arabera, irismen handiko misil bat jaurti eta satelite bat jarri du orbitan. Dena den, Segurtasun Kontseiluak zalantzan jarri du Ipar Korearen bertsioa: "Jaurtiketa horrek eta Ipar Koreak misil balistikoak erabilita egiten dituen jaurtiketa guztiek Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak urratzen dituzte, nahiz eta Ipar Koreak satelite bat orbitan jartzeko edota espazioko ibilgailu bat jaurtitzeko dela esan".

Jaurtiketak NBEko Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpen hauek urratzen ditu: 1718 (2006), 1874 (2009), 2087 (2013) eta 2094 (2013). "Bakearen eta segurtasunaren aurkako mehatxu garbia dago, bereziki, entsegu nuklearraren testuinguruan", gaineratu du.

NBEko Segurtasun Kontseilua osatzen duten herrialdeek onartutako dokumentuak "neurri garrantzitsuak" iragarri ditu urtarrilaren 6ko entsegu nuklearrari erantzunez, eta litekeena da Ipar Koreari zigor berriak jartzea.

Azkenik, Segurtasun Kontseiluak Koreako penintsularako konponbide "baketsu, diplomatiko eta politikoa" babestu du, Koreako penintsularen desnuklearizazioa ekarriko duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Ipar Korea Albisteak