Mundua -

AEB

Osasun sistemaren erreforma, garaipen handia Obamarentzat

Obamaren amak minbizia zuen eta aseguru-etxeen aurka borroka egin behar izan zuen. Horrenbestez, presidenteak gertutik ikusi zuen osasun sistema erreformatzeko beharra.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako osasun sistemaren erreforma garaipen izugarria izan da Barack Obama presidentearentzat, haren aurrekoek huts egin baitzuten antzeko legeak onartzeko orduan.

Obamak ez zuen ezer aipagarririk lortu iazko bigarren erdialdean, eta beraz, dena eman zuen osasun erreforma onartu ahal izateko.

Duela bi aste, erreforma ez atzera ez aurrera zegoela zirudien, demokratek gehiengo osoa galdu baitzuten Senatuan. Une horretan, erreformak bederatzi hilabete zeramatzan mahai gainean, eta onartzeko zorian zegoen, Kongresuko bi Ganberek argi berdea eman baitzieten lege proiektuei.

Presidenteak kritika ugari jaso ditu azken hilabeteetan. Errepublikanoek osasun sistema nazionalizatu nahi izatea egozten zioten, eta demokratek dena legegileen esku utzi nahi izatea.

Urtarrilean, demokratek porrot egin zuten Massachusetts-eko hauteskundeetan, eta Etxe Zuriak denbora luzea eman zuen estrategia erabakitzeko. Adibidez, Rahm Emanuel Obamaren Kabineteko buruak babes handien dituzten puntuak baino ez onartzea gomendatu zuen.

Testuinguru horretan, Obamaren ospea maldan behera izan zen. Duela urtebete %70eko onarpena zuen, eta une horretan %50era jaitsi zen.

Baina Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak eta Harry Reid gehiengo demokratak Senatuan duen buruak plan alternatiboa aurkeztu zioten Obamari. Presidentearen amak minbizia zuen eta aseguru-etxeen aurka borroka egin behar izan zuen, eta beraz, osasun sistema erreformatzea kontu pertsonala ere bazen harentzat.

Otsailean aurrera jarraituko zuela iragarri zuen, eta bilera bat deitu zuen errepublikanoekin eta demokratekin, ideiak biltzeko helburuz.

AEBetako presidenteak 55 hitzaldi eman ditu erreformaren alde, horietako lau azken bi asteetan. Azken egunetan, gainera, 90 kongresitarekin hitz egin du, eta ezetza emanez gero bere agintaldia ahuldu egingo zela ohartarazi zien.

Zeregin horretan, Obamak bertan behera utzi zituen Indonesiatik eta Australiatik egitekoak zituen birak, negoziazioaren azken txanpan parte hartu ahal izateko.

Eta hori funtsezkoa izan dela dirudi, azken orduan akordioa lortu baitute Etxe Zuriak eta abortuaren aurka dagoen talde demokrata batek, erreformari oniritzia emateko.

Akordio horren ondorioz, Obamak debekatu egingo du diru publikoa erabiltzea abortuak egiteko, muturreko kasuak salbuespen.

Etxe Zuriaren estrategia burugogorkeria eta pazientzia uztartzea izan da, eta azkenean emaitza onak eman dizkio.

Datorrena datorrela, Obamak bere aurrekoek lortu ez dutena lortu duela esan dezake. Eta estatubatuarrek irabazleak gustuko dituztela kontuan hartuta, baliteke hurrengo asteetan haren ospeak gora egitea.

Dena dela, presidentea ez da lasai egongo oraindik, erreformaren zuzenketak bozkatzekoak baitira Senatuan.

Seguru aski asteon egingo dute izapidea. Bozketan gehiengo sinplea behar dute, hots, 51 boto, eta demokratak 59 dira. Beraz, erraz irabaztea espero dute, baina errepublikanoek ahal beste egingo dute prozesua oztopatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea