Mundua -

Wikileaks auzia

NBEk arrazoia eman dio Assangeri, atxiloketa 'arbitrarioa' dela esanez

BBCn arabera, Wikileakseko sortzailearen alde ebatzi du Nazio Batuen erakundeak. Ekuadorrek Londresen duen ebaxadan dago gordeta Assange, 2012tik.

 

Julian Assange, Wikileakseko sortzailea. EFE
Julian Assange, Wikileakseko sortzailea. EFE
Hiru urte pasa ondoren gordelekua utzi dezakeela iragarri du Assangek

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange Wikileakseko sortzaileari arrazoia eman dio Nazio Batuen Erakundeak gaur, atxiloketa 'arbitrarioa' dela esanez, Suediako Gobernuak baieztatu duenez.  Erresuma Batua eta Suedia salatu zituen Assangek, legez kanpoko atxiloketa egotzita. Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago gordeta 2012tik.

Kazetari australiarrak asilo eskaria egin zion Ekuadorri, Suediara estraditatu ez zezaten: hainbat delitu sexualengatik galdekatu nahi du Suediak Assange.

2014an bere kasua Nazio Batuen Erakundera eraman zuen Wikileakseko sortzaileak, haren atxiloketa arbitrarioa izango dela salatuta. Erresuma Batuak kazetaria atxilotzeko eta Suediaren esku uzteko agindua du.

Hain zuzen, Assangek ostegun honetan adierazi duenez, Ekuadorreko enbaxadatik atera eta Erresuma Batuko agintarien esku utziko du bere burua, Nazio Batuen Erakundeak bere aurkako epaia ematen badu Suedia eta Erresuma Batuko gobernuen kontra duen auzian.

"Nazio Batuen Erakundeak Erresuma Batuaren eta Suediaren aurka daukadan auzia galdu dudala iragartzen badu bihar, asteazken eguerdian aterako naiz Ekuadorreko enbaxadatik, eta Polizia britainiarrak neu atxilotzea onartuko dut, ez baitago apelazio gehiago egiterik", adierazi du komunikatu baten bitartez.

"Aitzitik, estatuetako aktoreek legez kanpo jardun dutela erabakitzen bada, nire pasaportea berehala bueltatzea espero dut, baita ni atxilotzeko balizko beste saiakeraren bat bertan behera geratzea ere", azpimarratu du.

Assange 2012ko ekainaren 19tik dago babestuta Ekuadorreko Gobernuak Londresen duen enbaxadan; herrialde horri asilo politikoa eskatu zionetik, hain zuzen ere. Ekuadorrek asilo eman zion arren, Erresuma Batuak ibiltzeko baimena emateari uko egin zion, Suediara estraditatzeko "obligazio legala" zuela argudiatuta.

2010ean, lau sexu-indarkeria salaketa egotzi zizkioten Wikileaksen sortzaileari Suedian; horietako hiru iraungi egin dira, baina oraindik indarrean dago kargurik larriena, ustezko bortxaketa batena, eta 2020. urtera arte ez da bertan behera geratuko.

Assangek "babesgabetasun-egoeran” dagoela argudiatu zuen asilo politikoa eskatzeko. Haren aburuz, behin Suedian, Ameriketako Estatu Batuetara eramateko arriskua baitago (bertan, ustez, epaiketa sekretu bat ari dira egiten, bere jatorrizko herrialde Australiak eragozten ez duena).

Bere aburuz, AEBen "jazarpen politiko" baten biktima da, herrialde hartako Estatu Departamentuaren ehunka mila dokumentu argitara eraman baitzituen Irakeko eta Afganistaneko gerrei buruz.

Erresuma Batuko Polizak Assange atxilotuko du

Erresuma Batuko Poliziak ostegun honetan jakitera eman duenez, Assange atxilotuko du hark Ekuadorreko enbaxada uzten badu.

"Atxilotzeko aginduak bere horretan darrai", gogoratu du Scotland Yardeko eledun batek. Hark baztertu egin du Poliziaren inolako asmo aldaketarik, nahiz eta denbora asko igaro den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua argazkiak Epaiketak albisteak NBE albisteak Gaurko azken ordukoa